Giro ezin hobean egin dute Donosti Berri elkartearen mendeurreneko pala txapelketa mistoa
Amarako Donosti Berri elkarteak 100 urte bete zituen hilaren 1ean, eta asteburu horretan bertan egin zuten ospakizun handiaz gain, urte osoan zehar mendeurrena ospatzeko jarduerak egiten ari dira. Besteak beste, auzoko argazki zaharren erakusketa ere ikusgai jarri dute Easoko tren geltokian, eta hilaren 21ean Donostiako II. Bertsolari eguna egingo dute. Horrela, larunbatean pala txapelketa mistoa egin zuten auzoko frontoian, giro paregabean. Fede Casanovaren omenez egin zuten txapelketa.
Lehenengo honako partida hauek jokatu zituzten: Oroitz Alberdi-Leire Barrena bikotea Jonan Martin-Marta Alquegi bikotearen aurka, eta Amaia Munilla-Josetxo Alberdi bikotea Maddi Motxales-Egoi Alberdi bikotearen aurka. Martin-Alquegi eta Munilla-Alberdi bikoteak izan ziren garaileak, eta eurek jokatu zuten finala.
Azkenean, Martin-Alquegi bikoteak irabazi zuen finala, eta sari bikaina eraman zuen etxera, elkarteko presidente Iñaki Goñi Nerbios-en eskutik: arkume bat, bi trofeo, bi kamiseta eta ardo botila. Munilla-Alberdi bikoteak bi untxi eta bi ardo botila irabazi zituen, bigarren sailkatu gisa. Hirugarren saria, aldiz, Motxales-Alberdi bikotearentzat izan zen: bi ahuntz gazta eta bi sagardo botila irabazi zituzten. Azkenik, laugarren saria Alberdi-Barrena bikoteak eraman zuen: bi txistorra eta bi sagardo botila. Ondoren, bi dantzarik aurreskua dantzatu zieten parte hartzaile guztiei, eta han bildutako guztiek dantzan amaitu zuten eguna.
Jarraian, txapelketako bideoa eta irudi bilduma: