Eraso homofobo bat izan da Ondarretan
Igandean jazotako eraso homofobo baten berri eman dute sare sozialetan. Ondarretako hondartzan izan zen gertakaria, eta, salatu dutenez, lagun talde bat uretatik ateratakoan izan zen.
Komentario eta begirada batzuez gain, argazkiak egin zizkieten, eta, hori ikusitakoan, argazkiak egin zituenari hauek ezabatzeko eskatzera joan ziren. Surfa egitera zihoan gizon bat eztabaidan sartu zen “besteen jarrera defendatuz” eta hitzezko erasoekin. Salatu dutenez, behin baino gehiagotan esan zieten “Lesbiana putak”, “Nazka ematen duzue!”, “Okagura ematen duzue!”, “Ez zarete batere femeninoak!” eta “Puta zikinak!“.
Salatu dutenez, inguruan jende askok ikusi zuen erasoa, baina gazteek ez zuten “inongo babesik jaso”. Erasoa jasan dutenen arabera, ez da soilik eraso homofobo bat izan, “eraso lodifobo, matxista, putofobo, klasista, faxista izan zen”.
Azken egunetan izan diren beste eraso homofoboak izan dituzte gogoan, eta erantzuna emateko asmoz, ekimena egingo dute gaur, 15:00etan, Ondarretako hondartzan, Tenis elkartearen aldera ematen duen aldapan.