Kaleratzeak Stop-entzat "lotsagarria da" udalak BBC-ren egoitzarentzat lursaila lagatzea
Azorako Maizterrak, Kaleratzeak Stop eta Alokairu-Bentaberri plataformek ere salatu dute Basque Culinary Center-ek Grosen egoitza berria egiteko aurkeztutako proiektua. Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak unibertsitate pribatu bati, “diru publikoko 26 milioi euro” ematea kritikatu dute, baita udalak 5.500m²ko lursaila lagatzea ere.
Plataformen ustez, “Gros auzo masifikatua da, ia berdegunerik gabe, 1.000 euro inguruko alokairu prezioekin eta pisu turistikoak ugaritzen ari diren horretan, 2020ko urtarrilean Azora putre funtsa agertzea eragin zuen, eta ondorioz, donostiar askok errentak ordaindu ezin izatea eta auzoa uztea”. Salatu dutenez “lotsagarria da, errealitate honekin, udalak eragile pribatu bati lursail publikoa lagatzea onartu izana”.
Plataformek dei egin dute “proiektu elitista” honen aurka martxan den sinadura bilketan parte hartzera eta hori eragozteko deitzen diren herri ekimenekin bat egitera.