Faroltxoak argituko ditu aurten ere Morlansko jaiak
Gaur hasiko dira Morlansko jaiak, bi urteren ostean. Igandera bitarte kirola, janaria eta musikaz betetako egunak izango dira auzotarrentzat, haurrek zein helduek gozatzeko aukera izan dezaten.
Bueltan dira Morlansko jaiak. Pandemiak 2020an jaiak bertan behera utzi ostean, iaz, sinbolikoki ospatzeko aukera besterik ez zuten izan. Eta aurten, beraz, gogo biziz hartuko ditu auzoak jaiak, egitarau zabalarekin.
Gaur arratsaldean, bostetan hasiko da auzoa girotzen, jaien hasierako meriendarekin. 18:00etan Xomorro taldearekin haurrentzako zirku tailerra izango da ere. Xomorro taldea zirkua eta agroekologia uztartzen dituen proposamena da, beren balioen artean talde izaera, naturaren parte sentitzea, sormena eta kulturartekotasuna lantzen dituzte.
Jaien hasiera ofiziala, hala ere, 19:00etan izango da, faroltxo piztearekin. Horren ostean, sardina jana, buruhandi eta erraldoiak eta bestelako kale animazioak izango dira. 22:30ean emakumez osatutako Alargun Beltzak elektrotxarangak animatuko du auzoa, eta iluntzean, Nemux DJarekin luzatuko da gaua.
Larunbatean kirola eta rocka
Haur jolasekin abiatuko da biharko eguna, eta 11:30etik aurrera Askatuakek antolatutako 3×3 basket txapelketa izango da, Morlansko Amara Berri ikastetxeko patioan. Benjaminak eta alebinak izango dira 3x3an eta jaurtiketa lehiaketa 12-17 urteen artean eta 18 urtetik aurrerakoen artean izango da.
Eguerdian, errioxar erara egindako pataten lehiaketa egingo da, eta ostean, bazkari herrikoian plater horiek dastatzeko aukera izango da. Ostean, mus partida eta bingoa, eta, 17:00etan futboleros patxanga txapelketa izango da.
Larunbateko momentu garrantzitsuen artean izango da arratsaldeko auzoen arteko dema. «Demasa» izatea espero dute, eta bizilagun dituzten Aietekoen aurka izango da.
Gaua, auzoan ohikoa duten eran, rockez blai izango da. Therror73 auzotarren lehen kontzertua izango da larunbatekoa. Ondoren, Bartzelonatik datorren Las Furias nesken hirukote punk-rockeroaren txanda izango da, zuzeneko indartsu eta probokatzailearekin. The OhNos punk-rock taldeak osatuko du gaua. Suediatik dator laukotea, eta Europatik egiten ari diren biraren baitan egingo dute geldialdia Morlansko jaietan.
Baina ez da hor bukatuko gaualdia. Rock in the txozna-rekin dantzatzen eta gozatzen jarraituko dute bizilagunek Leire plazaren inguruan. Aurten, Blua DJak eta Buruki DJak arituko dira platerak astintzen eta gerriak mugiarazten.
Etzi, igandean, pijaman gosaldu ostean, 12:00etan, Oihana Iguaran eta Sustrai Colina bertsolariak arituko dira Leire plazan, herri dantzen eta sagardo dastaketarekin batera. Ostean, bazkari herrikoia egingo da, norberak autogestionatua. Gaztetxoentzat, berriz, makarroi jana prestatuko dute.
Arratsaldeko 16:00etan, Gabriel Gandara bakarlaria arituko da jaien amaiera aurreratzen. Haurrek ere izango dute ondo pasatzeko aukera, puzgarriekin. 19:00etan bukatuko baitira datorren urterarte jaiak, txupinarekin batera.
Faroltxoa, auzoaren ikur
Faroltxoaren jaitsiera da Morlansko jaiei hasiera ematen dien ekitaldia. Auzoaren historiari keinu bat egin nahian Morlansko bizilagunek asmatu eta urtez urte errepikatu duten ohitura da.
Auzoko gas fabrikaren garaiko kale-argietan du bere oinarria. Bizilagunek hala eskatuta, udalak auzoko faroltxo historikoen antza duten kale-argiak mantendu zituen Morlansen, hiriko beste auzoetan ez bezala. Hori dela eta, auzo elkarteak ikur gisa hartu zuen faroltxoa, eta festetako sinbolo modura erabiltzea erabaki zuten.
Beheko Morlansek goiko auzo zaharrarekin duen lotura mantentzeko balio du faroltxoaren jaitsierak. Izan ere, jaietako egitasmo gehienak Leire plazaren inguruan egiten diren arren, auzoko festei hasiera ematen dion ekitaldia Morlans zaharretik abiatzen da urtero, trikitien doinuaz lagundurik. Argi-zuziak piztuta, bizilagunak auzoan behera joaten dira, Danak Bat elkartetik igarota Leire plazara iritsi arte. Hor, oholtza gainean, faroltxoa izaten dute zain, eta bertsoen artean, jaiak amaitu arte auzotar guztiak batuko dituen argia pizten dute Morlansko bizilagunek.