Ategorrietan eraildako langileak omenduko dituzte sarraskiaren urteurrenean
Donostiako Kontseilu Sozialistak liburuxka bat atera du gertatutakoa oroitzeko.
(Argazkia: Ategorrieta Gogoan) 1931ko maiatzaren 27an Pasaiako arrantzaleek lan baldintza hobeak eskatzeko greban zeudela, Guardia Zibilak zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta dozenaka zauritu. ‘Gure seme-albentzako ogia’ eta ‘Gure kideentzako askatasuna’ ziren aldarrikapen nagusiak. Gertakariak gogoratzeko, Donostiako Kontseilu Sozialistak ekitaldia antolatu du hilaren 27an Ategorrietako erlojuan, 19:00etan.
Langile memoria berreskuratu, eta “esanahi politikoa emateko” antolatu dute ekitaldia komunistek, eta ildo horretan, liburuxka bat kaleratu dute, gertakarien kronika egiten duena.
Kontseilu Sozialistak azpimarratu du Pasaiako langileek hartutako antolakluntza hautua, La Union Maritima sindikatua sortuz: “Sindikatu itunzaleen aurrean eta langileriaren auto-antolakuntzaren filosofiaren aztarnei jarraiki”.
FEC Euskadik ekitaldia egingo du bihar
Maiatzaren 27an, asteartean, 19:00etan, Trintxerpeko Gernika plazan omenaldi bat antolatu du FEC-Euskadik, Ezker Anitzaren fundazioak. Omenaldian Fato Cultural Galego Daniel Castelao Elkarteak hartuko du parte baita ere. 1931ko maiatzaren 27an manifestazioan parte hartu zuen Teresa Varelaren testigantzaren jasoko dutela adierazi dute.
IRUTXULOKO HITZA-k luze jorratu zuen Donostian langileen kontra izandako gertakari latzena. Irakurri osorik hemen.


