Egiako Subizi gaua berreskuratu eta parte hartzera deitu dituzte auzotarrak
Egiako Subizi gaua.Inaxio Esnaola Udako solstizioarekin batera, Subizi gaua egin zuten Egian 2018an eta 2019an. Biak ala biak gogoangarriak izan zirela gogoratu dute antolatzaileek. Bi urtez bertan behera geratu ondoren, berriz ere erratzak hartu eta plaza dantza, irrintzi eta energia askorekin betetzeko asmoa dutela iragarri dute. Ekainaren 23an izango da Subizi gaua, San Joan bezperan.
Hori dela eta, izena emateko epea ireki dute antolatzaileek. Abeslari, irrintzilari, suziri emaile, dantzari eta abarrek dute parte hartzeko aukera. Dantza saioari dagokionez, Xabi Solanoren Erre zenituzten sorginak abestiaren koreografia egingo dute –duela lau urte egin zutena–. Emakume nahiz gizon, 14 urtetik gorako pertsonak orok parte hartu dezake. Dena dela, baldintza bakarra jarri dute: egingo diren bost prestaketa saioetatik gutxienez bitara joatea. Aldiz, 14 urtetik beherakoek, auzoko eta ikastolaren bidez parte hartu ahal izango dute Subizi gauan.

