Donostia eta Baiona lotuko dituen tren zerbitzu bat aztertzen ari dira
Donostiako tren geltokia, artxiboko irudi batean. Eneko Goia alkateak gaur goizean baieztatu du Transfermuga-rrekin proiektuaren asmoa. Hau da, Donostia eta Baiona lotuko dituen tren zerbitzu bat abian jarri nahi dute 2028rako. Hiri batetik besterako tren garraioa 50 minututik beherakoa izatea aurreikusten dute. Proiektua lau aukera aztertzen ari da une honetan. Horietatik aurrera egin dezakeenak bi zerbitzu eskainiko lituzke 06:00etatik gauerdira bitarte –maiztasunik zehaztu gabe–. Bata ia zuzena izango litzateke, geltoki gutxiagorekin, eta bestea geltoki gehiagorekin.
“Albiste oso ona izango litzateke. Izan ere, Baiona eta Lapurdiko kostaldearen eta Donostiaren arteko garraio eskaintza nabarmen hobetuko luke. Gainera, mugikortasun arazoak saihestea ekarriko luke”, azaldu du Goiak Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan. Ipar Euskal Herriak turista asko izaten dituela gaineratu du alkateak, eta horietako askok Donostia bisitatzea erabakitzen dutela. “Euro hiri bat gara, eta hori errealitate bat da. Hemen lan egiten duten asko Ipar Euskal Herrian bizi da, eta horrelako zerbitzu batek horretan ere lagunduko luke”.

