Ekainaren 25erako erretiratu beharko dituzte behin-behineko terraza guztiak
Donostiako Udalak hilabete hasieran aurreratu zuen behin-behineko terraza guztiak ekainaren erdialderako kendu beharko zituztela ostalariek. Gaur baieztatu du epe zehatza Eneko Goia alkateak. Alegia, ekainaren 25erako terraza horiek erretiratu beharko dituzte. “Ostalariekin hitz egin genuen arrazoizko epe batzuk zehazteko. Horrela jakinarazi genien, eta, horrela, uda hasieran normaltasunera itzultzea da gure aurreikuspena”, esan du Goiak.
Gogora dezagun, pandemiarengatik baimendu zituela udalak behin-behineko terraza horiek, eta alarma egoera bukatu zenetik salbuespenezko neurri hori bertan behera geratu zen. Hala ere, terrazak arautzen dituen ordenantzan aldaketak egitea aztertzeko “borondatea” adierazi zien udalak ostalariei.