Gorroto delituen gorakadari aurre egiteko neurriak eskatu ditu Elkarrekin Donostiak
(Argazkia: Bipin Salsamendi Lozano) Elkarrekin Donostiak osteguneko osoko bilkurara mozio bat eramango du, gorroto delituen gorakadaren aurrean udalak neurriak har ditzan eskatzeko. “Iaz, Euskadin, gorroto delituek %15 egin zuten gora, eta 277 izan ziren guztira. Gehienek (%58,5) izaera arrazista eta xenofoboa izan zuten. Hala ere, aurreko urtearekin alderatuta gehien handitu zirenak orientazio eta identitate sexualarekin lotutakoak izan ziren (%46 gehiago)”, azaldu dute.
Aitzole Araneta bozeramailea kezkatuta agertu da aipaturiko datuekin. “Donostian ere diskurtso arrazistak, xenofoboak, aporofobiazkoak eta oro har eskuin muturrekoak ugaritzen ari dira”, adierazi du. Horregatik, hirian gertatzen diren gorroto delitu guztien datuak zehatz-mehatz jasotzeko eta aztertzeko eskatuko du Elkarrekin Donostiak, delitu horien gorakada zenbaterainokoa den jakiteko. Horrekin batera, udal taldeak eskatuko du udaltzaingoa prestatzea horrelako delituei aurre egiteko, “horrelako gertakarien aurrean erantzun eraginkorragoa eman ahal izateko”.

