Marrutxipiko lanak "egun batetik bestera" hasiko direla esan du Eneko Goiak
GI-20 saihesbideko Marrutxipiko lotune berria egiteko lanak egun gutxi barru hasiko dituzte. Hedabide honen galderari erantzunez, Eneko Goia alkateak esan du “egun batetik bestera” abiatuko dutela Intxaurrondoko obra. “Atzo galdetu nion Gipuzkoako Aldundiari, eta lanak hasteko dena prest dutela esan zidaten. Beraz, berehala hasiko dira”. Hain zuzen ere, Gipuzkoa Aldundiak egingo du obra. Iazko irailean iragarri zuten 2022ko lehen hiruhilekoan hasiko zirela lotunea eraikitzean. Azkenik, zertxobait beranduago izango da.
Proiektua aurrera eramateko, Etzieta parkeko 180 zuhaitz baino gehiago moztuko dituztela salatu dute Eguzki Erakunde Ekologistak eta Parkea Bizirik elkarteak. Horren inguruan galdetuta, Goiak esan du proiektuan aurreikusitako zerbait dela. “Ez dakit zenbat zuhaitz moztuko diren, baina argi dago moztu behar direla proiektua egiteko. Obra hauekin horrelakoak gertatzen dira. Gainera, zuhaitz horiek moztu daitezke, lanak bukatzean beste batzuk landatuko direlako”.