Koldo Mitxelena Kulturunearen "politika berriak" salatu ditu Donostiako Gure Eskuk
Koldo Mitxelena Kulturunearen eraikina. (Argazkia: E. Zabala) Gure Esku Donostiak gutun bat idatzi du, Koldo Mitxelena Kulturunearen “politika berriak” salatzeko asmoz. Gutunean azaldu dutenez, beste batzuetan egin duten moduan, uztailaren 2an egingo duten Piriniotako bidea egitasmoa Koldo Mitxelenan aurkeztea pentsatu zuten. Gure Eskuk Kataluniako beste eragile batzuekin elkarlanean antolatutako jarduera da, Kantauritik Mediterraneoraino makina bat tontor argiztatuko dituena. Telefonoz deitu zuten bertara euren asmoen berri emateko, eta data aukeratzeko. “Bertako langileak esan zigun zein data zeuden libre, eta online dagoen eskaera-orria bete behar genuela, eta bertara bidali. Erantsi zuen, lehendik ere horrelako aurkezpenak eginak genituela, baina, orain, zuzendaritzak irizpide berriak dituela, eta ez zekiela baimena emango ote ziguten”, azaldu dute gutunean.
Eskaera-orria emailez bidali ostean, erantzunik ez zutela jasotzen ikusi zuten, eta telefonoz deitzea erabaki zuten. “Irizpide aldaketa bat egon da, eta hemendik aurrera, kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak bakarrik antolatu ahalko dira”, erantzun zieten. Gauzak horrela, beste toki bat bilatu zuten aurkezpena egiteko, eta lortu zuten. Hala ere, Koldo Mitxelenako ezezkoa ezin zutela “ontzat” eman erabaki zuten.
“Irizpide berrien arabera, kulturarekin zerikusia duten ekitaldiak bakarrik antolatu omen daitezke. Eta, ez al da kultura herritarrak auzolanean elkartzea, benetako auzolanean, herri demokratikoagoa, herri parte-hartzaileagoa, jendarte buru askeagoa eta burujabeagoa bilakatzeko? Ez al da kultura helburu horrekin, auzolanean, mendi tontorrak argiztatu nahi izatea, mendeetan zehar, Euskal Herriko (ez bakarrik) mendietan ekain suak piztu ditugun moduan?”, adierazi dute.
Azaldu dutenez, PSEko Arkaitz Millan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Diputatua, da Koldo Mitxelenako arduradun berria. “Bere ardurapean dago Koldo Mitxelena, eta orain gertatu da irizpide aldaketa. Herritar soilok ezin dugu jakin zein izan den halako aldaketak egiteko prozedura, ez gainontzeko alderdien ikuspegia ere. Baina, herritar gisa, gure ardura ere bada, Koldo Mitxelena kultur gunea herriarena baita. Herritarrak anitzak gara, eta gauza batzuk gustukoak izango ditugu, eta beste batzuk ez. Baina, onartu ezin duguna da Koldo Mitxelena zentsuraren kultur gunea bilakatzea.Horregatik, irizpide aldaketa hori berrikustea eskatzen diegu horretan parte hartu dutenei, edota eragin dezaketen guztiei, Koldo Mitxelena, berriz ere, herritar guztien zerbitzura egon dadin”, azpimarratu dute amaitzeko.

