"Aurten 50 parte hartzaileren langa gaindituko dugula uste dut"
Hiru urteren ondoren, 8. Bodyboard Txapelketa Kinkia egingo dute bihar Ondarretan. 14:00etan eman behar da izena, eta lehia 15:00etan hasiko da.
Dena prest duzue biharko?
Bai, noski. Apirilaren 30ean egin behar genuen aurtengo txapelketa, baina asteek aurrera egin ahala eguraldi iragarpenak aldatzen joan ziren, eta maiatzaren 28ra atzeratzea erabaki genuen. Gogo itzelarekin gaude, eta dena prest dugu biharko.
Iazkoa martxoan egin zenuten, eta aurten maiatzean izan beharko du. Zer dela eta?
Normalean txapelketa martxoan edo apirilean antolatu izan dugu. Olatuak garai horietan politagoak dira, eta txapelketa aurrera ateratzeko aukera ematen digu. Bestalde, hondartzetan ez da horrenbeste jende egoten, eta hori aproposagoa da guretzat. Aurten gertatu dena da antolatzaileen artean ez dugula elkartzeko aukera askorik izan. Martxoa aldean egin nahi genuen txapelketa, baina pixka bat atzeratu behar izan dugu. Horrela ere, inoiz baino indar gehiagorekin gatoz.
Urtero antzekoa izaten da, baina galdetu behar. Berrikuntzarik bada?
Azken batean, urtero sartu dugu berritasunen bat edo beste. Urte batzuetan txapelketa baino ez genuen egiten, baina beste batzuetan kontzertuak eta afariak ere antolatu izan ditugu Txantxarreka gaztetxean. Aurten, berriz, txapelketa pixka bat birmoldatu dugu. Gaztetxean sortzen zen giro aparta Ondarretako tenis ingurura eramango dugu, eta DJ batzuen bidez girotuko dugu arratsaldea. Txokolate jana ere ez da faltako.
Zenbat parte hartzaile espero dituzue?
40-50 parte hartzaile izaten ditugu urtero. Batzuetan gehiago, eta beste batzuetan gutxiago. Aurten, dirudienez, jende dezentek emango du izena. Beraz, 50 parte hartzaileren langa gaindituko dugula uste dugu.
Egunean bertan eman behar da izena, ezta?
Bai, Ondarreta hondartzan bertan eman beharko da izena 14:00etatik aurrera. Aldiz, txapelketa 15:00etan hasiko da.
2019an egin zuten azkenekoz Bodyboard Txapelketa Kinkia, eta IRUTXULOKO HITZAk argazki bilduma bat osatu zuen: