"Ederra izango da disko guztietako abestiak jotzea"
Hamabost urte luzeren ondoren, Añorgako zinema zaharrera itzuliko da bihar Asgarth heavy metal banda (22:30). Sarrera guztiak agortu dituzte.
Donostiako Añorga auzoan sortu zen taldea 1997an. Lehen maketari esker, Euskadi Gaztearen musika lehiaketako entzuleen saria irabazi zuten 1999an. Jainkoen Egoitza (IZ Rock, 1999) eta Etorkizunaren Sustraia (IZ rock, 2000) lehen bi diskoekin euskal heavyaren bigarren olatuaren gidariak izan ziren. Gerora, III (Gor, 2002) hirugarren lan interesgarriena plazaratu zuten, eta hard rock kutsuko Garrasia (EDG Music, 2005) laugarrena atera ondotik, 2007an agurtu ziren Añorgako zinema zaharrean. 2020ko urtarrilaren 1ean iragarri zuten itzulera, hasierako boskotea osatuta. Ander Cañas eta Unai Zabala gitarrista donostiarrak eta Asier Enbil abeslari pasaitarrak dira jatorrizko kideak. Aldiz, aro berrirako Mikel Yarza eta Etxahun Urkizu gipuzkoarrak fitxatu dituzte.
Azken kontzertua eman zenuten leku berbera aukeratu duzue taula gainera bueltatzeko. Prest zaudete?
Prest eta gogotsu. Hamabost urte pasa dira, baina hemen gaude berriz ere berpizteko gogoarekin.
Atzerapenak atzerapen, iritsi da momentua.
Bai horixe. Bostak martxan jarri ginenetik hiru urte pasa dira jada. Bide luzeegia izan da agian, baina hor egon gara buru-belarri, gurera, eta azkenean, bai, iritsi da.
Kontzertu berezia izango denez, zer aurreratu dezakezue?
Kontzertu luze bat egitea izan zen gure lehen abiapuntua, eta gure lau diskoetako abesti esanguratsuenak berreskuratzea. Azkenean, 20-21 abestiko errepertorio bat egitea lortu dugu. Ederra izango da disko guztietako abestiak jotzea. Guk behintzat gozatuko dugu.
2020ko urtarrilean iragarri zenuten itzulera, 13 urteren ondoren. Dena dela, noiz elkartu zineten berriz ere entsegu lokalean jatorrizko hiru kideak? Eta zergatik?
Beti egon gara elkarrekin eta kontaktuan. Asgarth familia bat bihurtu zen aspaldi. Azken kontzertua inflexio puntu bat izan zan eta egia da lehen urte horietan oxigenatu ginela, baina beti genuen aitzakiaren bat elkartzeko. Hasiera batean laukote bezala hasi ginen, Joxi [Perurena] gabe [baxu jotzaile ohia]. Ez zuen bere burua ikusten berriz ere musika munduan eta hala ere aurrera egin genuen, bere oniritziarekin.
Denbora asko aritu ginen laukote gisa material berria sortzen. Berehala konturatu eta sumatu genuen gure nahia berriro bueltatzea zela. Era berean, argi genuen gure sustraiei heldu nahi geniela; hau da, heavy metalari. Momentu horretan Unai Corral bateriak utzi zuen, bere estilotik asko urruntzen ginelako eta bere asmoak beste batzuk zirelako.
Hirukote moduan ibili ginen denboralditxo bat, baina 2019 urtean Mikel Yarza ezagutu genuen. Asgarthen itzuleran parte hartu nahi ote zuen galdetu genion eta baietz esan zigun. Segituan ikusi zuen Mikelek bere taldekide izandako Etxahun Urkizu aproposena zela Asgarthen itzuleran bateria jotzeko. Eta halaxe izan zen. Segituan hasi ginen lanean. Etxahun eta Mikelekin izan dugun feeling-a ikaragarria da. Magikoa esango nuke.
Hain zuzen ere, bi kide berriek taldea gaztetu duzuela aitortu duzue. Beste bultzada bat eman dio Asgarthen bigarren aro honi?
Dudarik gabe. Gaztetu bai, hori seguru. Baina pertsonalki esango nuke musikalki abaniko handi bat irekitzen dutela Asgarthen etorkizunerako.
Pandemiak nabarmen kaltetu ditu zuen asmoak, baina aurrera jarraitu duzue. Nola bizi izan dituzue azken bi urte arraro hauek?
Denok bezala pentsatzen dut. Frustrazioarekin, dezepzioarekin eta amorruarekin. Dena dela, aurrera jarraitu dugu, lokalean eta entsegu telematikoen bidez, hau dena pasako zenaren esperoan. Egia da ere gauzak prestatzeko denbora gehiago izan dugula. Momentuz ez dugu lortu kanpotik norbaitek esku bat botatzea, dena gure soinean eramatea astuna delako. Adibidez, ez dugu orain dela 20 urte genuen prestutasuna.
Dena dela, denbora aprobetxatu duzue. Izan ere, Zeldatik bosgarren lana grabatu duzue Haritz Harregirekin. Nolakoa izan zen estudiora itzultzearen esperientzia?
Ikaragarria. Asko disfrutatu dugu egindako material berria grabatzen estudio batean. Haritzek ere bere ekarpena egin du, eta oso polita izan da elkarlana. Uste dugu lan txukuna dela, heavya, eta Haritzek soinu indartsua lortu du.
Lan berriaren izenburu bera duen singlea plazaratu zenuten iazko azaroan. Agerian uzten du heavy metalaren eta hard rockaren arteko orekari eusten diozuela proposamenean. Ildo berekoa izango da lan berria?
Heavy metal disko bat izan da gure helburua. Argi genuen hori zela Asgarthen bueltan eskaini behar genuena. Estudioan lagun batek esaten zidan moduan, ‘al turron!’.
Bigarren aurrerapenaren bideoklipa grabatu berri duzue. Noiz estreinatuko duzue?
Espero dugu lehenbailehen izatea. Uda bukaeran, agian. Zaila da, kanpotik momentuz ez dugulako lortu inongo laguntzarik. Suposatzen digun esfortzua azkenean nabari da.
Aldiz, disko berria Durangoko Azokan aurkeztuko duzue?
Ederra litzateke urtea amaitu aurretik argitaratzea, ordurako urtebete beteko da estudioan grabatu genuenetik. Baina esan bezala, oraingoz ez dago gurekin lankidetza estutu eta diskoari bultzada eman nahi dion inor, beraz, ez dago ezer argirik.
Bihar disko berriko abestiren bat joko duzue?
Kontzertura gerturatzen direnek jakingo dute.