Ategorrietako sarraskia oroitzeko ekitaldia egin du Kontseilu Sozialistak
Ategorrietako sarraskiaren urteurrena dela eta, ekitaldi politiko bat egin zuten atzo Oarsoaldeko eta Donostiako Kontseilu Sozialistek. Ategorrietako erlojuan elkartu ziren, Haien memoria berreskuratuz sozialismoa eraiki lelopean.
Kontseilu Sozialistak, langile horiek omentzeaz gain, nabarmendu du halako memoria ariketak ezin direla “folklore hutsa” izan, eta garrantzitsuena dela halako “prozesu historikoetatik ikasketa politikoak” ateratzea. Ategorrietako erailketei dagokienez, Espainiako Bigarren Errepublikaren eta sozialdemokraziaren konplizitatea salatu dute, bestalde.
Joan den astean, Ategorrietako sarraskiaren inguruko liburuxka bat argitaratu zuten bi Kontseilu Sozialistek, 1931n gertatutakoaren inguruko xehetasun gehiagorekin (liburuxka irakurtzeko, egin klik hemen).
Sarraskirik handiena
Pasaiako (Gipuzkoa) arrantzaleek haien lan eta bizi baldintzak hobetzeko jo zuten grebara 1931ko maiatzean, eta Trintxerpetik Donostiara martxa bat egiten ari zirela, Ategorrietako erloju inguruan, tiroz egin zuen haien kontra Guardia Zibilak. Zazpi grebalari erail zituzten poliziek, eta beste 33 zauritu.
EH Bilduk ere egin zuen atzo omenaldia ekitaldia eguerdian, Donostiako eta Pasiako zinegotzien parte hartzearekin. Lore eskaintza egin zuten eta langile borroka hiriaren historiaren eta identitatearen parte dela aldarrikatu zuten.