Beste urte batez, Ondarreta kinki bihurtu dute
Udako eguraldia, baina jendetzarik ez hondartzan. Eta olatuak primerakoak. Zer gehiago behar zuten bada, Antiguako kortxero kinkiek? 8. Bobdyboard Txapelketa Kinkia giro ezin hobean ospatu dute, Ondarreta beste urte betez, apur bat kinkiago bihurtuz.
14:00etan hasi da izen ematea, eta 15:00etarako martxan ziren, lauko eta bosteko taldeak lehian. Lehian zeudela hitz egiteko modu bat da, umorea eta ondo pasatzea dute eta helburu Donostiako txapelketarik ganberroenean.
Olatu ederrak izan dira, baina paretarekin eta arrokekin kontuz ibiltzeko eskatu du speakerrak behin eta berriz. Alperrik eskatu ere; batek baino gehiagok zauria eraman du etxera sariaren ordez.
Musika eta garagardoak izan dira garrantzitsuenak, baina lehiaketa hor zegoen ere, eta epaimahaiak “apelaezinezko erabakia” hartu du. Txandak 15 minututik 12ra jaitsi behar izan dira, “mareak agintzen du eta”.