Kultura, euskara sustatzeko giltzarri
Bagera elkarteak antolatutako jardunaldiak izan dira gaur San Telmo Museoan. Bi urtean behin antolatzen dituzte jardunaldiak, eta aurtengoan kulturgintza, komunitatea eta euskara izan dute ardatz. Hogeita hamar bat lagun batu dira goizean zehar, hausnarketa interesgarriak partekatuz.
Azpeitiko Dinamoa aurkeztu dute lehenik. Udalaren eta herri eragileen arteko elkarlanetik sortutako egitasmo honek, eragileei ez ezik, norbanakoei ireki die bertan lan egiteko aukera. Hitzaren gunea, irudiarena, gorputzarena eta soinuarena uztartzen ditu egitasmoak, herritarrei sormen bide eta baliabideak eskainiz.
Iruñetik etorri dira Leire eta Unai, ireki berri duten LABAz hitz egitera. “Laba kafetegi bat” dela esanez laburtu liteke. Baina kafetegi bat baino askoz gehiago dela baieztatu dute, Iruñearen bihotzean, Gaztelu plazan, den euskararen aldeko egitasmo zabala baita. Bi urteko prozesua izan da, crowdfunding arrakastatsua barne. LABAren kasuan, ez dago eragilerik atzean, “norbanakoz” osatuta dago, eta horrek egiten du gunea den bezain anitza izatea.
Añorgako dibertimendua izan da aurkeztu duten hirugarren proiektua. Beñat Gaztelumendi eta Gari Otamendi arduratu dira aurkezpenaz, Añorgaren argazki zehatza aurkeztearekin batera, tradizioaren eta berrikuntzaren bitartez, bertsoa, dantza eta musika uztartuz, sortu duten egitasmoaren berri eman dute.
Mahai ingurua
Atsedenaldiaren ostean –eta Barrexerkakoen adar jotzeen ondoren– alor ezberdinetako kulturgileen mahai ingurua izan da. Iratxe Retolaza kultur kritikaria, Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendaria eta Xalba Ramirez IRUTXULOKO HITZA-ko kazetaria eta musikaria izan dira.
Jaime Otamendik “euskal eta erdal munduen artean zubiak eraikitzearen beharra azpimarratu du: “Polena batetik bestera garraiatuko duten erleen eta erlauntzen beharra aldarrikatuz. Rafa Berrioren omenaldian gertatu zen, euskal munduko musikariak erdal munduko musikariekin batera aritzea”.
Ramirezek onartu du zabala dela Donostiako kultur programazioa, “askotan eskaria baino gehiago ere”. Edonola ere, kultura hitz egitean harago joateko beharra proposatu du: “Kulturak eraldaketarako balio behar du, kodeak sortzeko, eta horretarako edukiaz hitz egin behar dugu, zenbakiez baino”.
Retolazak diagnosi baten beharra azpimarratu du: “Eskaintza zabala da, baina ba al dakigu joaten denaren profila, klasea, generoa… hau da, norentzat programatzen den ba al dakigu?”.”Agenda partekatu” bat landu behar dela uste du Retolazak, eta lehen urratsa elkar ezagutu eta elkarrekin lan egiten hastea dela proposatu du: “Donostian kultur eragile ugari batzen dira: EIE, EIZE, Bagera… Izugarrizko aukera dugu”.
Aurrera begira, euskara eta euskal kulturari lehentasuna ematen jarraitzea beharrezkoa dela defendatu dute hizlariek, baita, elkar ezagutu eta elkarrekin lan egiteko espazioak sortzearen beharraz.
Balorazio positiboa egin du Bagera elkarteak, elkartu eta topaguneen beharra azpimarratuz: