Donostia ekainaren 3an izendatuko dute 2022ko Gabonetako Europar Hiriburu
Ostiralean, ekainaren 3an, Donostia 2022ko Gabonetako Europar Hiriburu izendatzeko ekitaldia egingo dute udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Europar Parlamentuak babestutako saria da, eta Italiako Genova hiriarekin partekatuko du.
Sariketaren nazioarteko epaimahaiak Donostiari saria ematea erabaki da hiriaren Gabonetako proiektuarengatik eta proiektu horrek duen kalifikazio tekniko altuagatik. 2017an sortutako saria da, Europako hiriei Gabonetako balioen erreferente gisa posizionatzen laguntzeko, eta, aldi berean, hiri horien garapen turistiko eta ekonomikoari bultzada emateko.
Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotzi sozialistak ondorengoa adierazi du: “Azken urtetan, hainbat elementu erakargarri ezartzen dira Donostian Gabonen inguruan, eta egindako lan hori emaitzak ematen hasi da. Jadanik ez gara mugatzen kaleak edo plazak argiztatzera. Berrikuntzarekin lotutako irizpideak aplikatzen ditugu, ingeniaritzako ikasleek sortutako diseinuak erabiltzen ditugu −beste hiri batzuek ere imitatu dituztenak−, jasangarritasunarekin eta ingurumenaren errespetuarekin lotutako irizpideak betez, bertakoak nahiz kanpotarrak erakartzeko helburuarekin, bai baitakigu Gabonek eragin handia dutela Donostiako tokiko merkataritzan. Donostiako Gabonak Europako lehen lerroan jartzea lortu dugu, eta harro egon behar dugu horregatik”.