Egiak badu etxebizitza sindikatua
Ostiralean aurkeztu zuten jendaurrean Egiako Etxebizitza Sindikatua, berrogeita hamar bat lagunek parte hartu zuten ekimenean. Plaza Haundin elkartu ziren 19:00etatik aurrera eta hitzaldi eta mahai inguruen ostean eman zuten sindikatuaren berri.
Azken urteetan auzoan bizi izandako gentrifikazio prozesuak kezkatuta, eta Egia 22 gisako gatazketatik abiatuta, urtebete baino gehiago daramate auzoan etxebizitzaren arazoa lantzen.
Etxebizitza sindikatuarekin urrats bat gehiago egin nahi dute, eta arazoa modu integralagoan landu, auzotarrekin batera, eredu feminista eta antikapitalista batetik.
Esperientziak ezagutuz
Andoni Egia, sindikatuaren ordezkariak hitzaldia egin zuen klase borrokak XXI. mendean hiriaren testuinguruan dituen ezaugarriak kontuan hartuz. Haren ostean hainbat kolektiboetako esperientzia jaso zuten mahai inguruan: Groseko Saretxe, Galdakakoko Elkarlaguntza Sarea eta Donostiako DDS, Eskubide Sozialen Bulegoa.
Azkenik, Eñaut Alvarez, Parte Zaharreko gazteak hartu zuen hitza. Bartzelonako Block Llavors auzian auzipetua dago, eta bere kasua azaldu zuen, elkartasunerako deia eginez. Aurkezpenaren amaieran, gaztearekin eta auzipetuekin elkartasun argazkia atera zuten.