Giuliana Gavilan argentinarra fitxatu du Bera Berak
Denboraldia bukatu berri den arren, Bera Bera eskubaloi taldeko kirol zuzendaritzak ez du atsedenik hartuko. Datorren sasoirako Giuliana Gavilan pibot argentinarra fitxatu dute. 26 urte ditu, Frantziako Plan de Cuques taldetik dator eta jokalari finkoa da Argentinako selekzioan.
“Gavilan berme handiko jokalaria da. Lan egiteko gaitasuna du, adin aproposa eta eskarmentua pilatu du nazioartean eta Frantziako ligan”, adierazi du Tati Garmendia taldeko arduradunak. Jokalariaren aurkezpen ofiziala ekainaren 13an egingo dute.
Emakumezkoen Ohorezko Maila ezagutzen du Gavilanek, Xixonen aritu zelako 2018-2019 eta 2019-2020 denboraldietan. Horrekin batera, Frantziako ligan jokatu duen lehendabiziko argentinarra izan da. Esan bezala, Plan de Cuques taldean aritu da azken bi sasoitan, eta 2020-2021 denboraldian Nely Carla Alberto Bera Berako jokalari ohia izan zuen taldekide.
Kontratua berritu dute
Azken astetan lau jokalari berritu ditu Bera Berak. Batetik, Maddi Aalla eta Alice Fernandez Silva atezainek beste bi urtez jarraituko dute taldean. Bestetik, Mariane Fernandes, Malena Cavo eta Sara Gil de la Vega jokalariek beste urtebete baterako sinatu dute. Aldiz, Donostiako taldean ez dute jarraituko Eli Cesareok, Ainhoa Etxeberriak, Maria Prieto O’Mullonyk eta Mirene Morenok.