Kontxa ingurua birmoldatzeko lanak hasi dituzte
Kontxa aldea birmoldatzeko lanak hasi dira gaur, eta, besteak beste, Zubieta eta San Martin kaleen noranzkoa aldatzea ekarriko du horrek. Lanek uztailaren hasiera arte iraungo dute. Udalak jakinarazi duenez, prozesua fase kritikoan sartuko da, eta fase eta afekzio desberdinak izango ditu astetik astera; horren ondorioz, aldaketak eta alterazioak izango dira ibilgailuen trafikoan. Udalak gomendatu du aldi horretan zona horietatik ez ibiltzea, bizilekua hor izateagatik edo merkataritza-jardueragatik hortik pasatu beharrik izan ezean.
Gaurtik aurrera, hiru astez, Mirakontxa pasealekua itxita egongo da Miramar jauregira igotzeko aldean. Handik jaistea posible izango da. Horren ordezko irtenbide gisa, Kontxa pasealekuko eskuineko erreia irekiko da, ibilgailuak Antiguara joateko.
Asfaltatze-lanei ekiteko, Zubieta kalea itxita egongo da trafikoarentzat 00:00etatik 06:00etara, ekainaren 1etik 3ra. Ibilgailuak Urbieta-Larramendi-Lizarra ibilbidea erabiliz joan ahal izango dira Antiguara.
Autobusei dagokionez, gaurtik aurrera Antigua alderantz doazen 16-Igeldo, 18-Seminarioa (gaueko linea) eta B8-Mirakontxa-Benta Berri-Seminarioa lineek Kontxa Pasealekua zeharkatuko dute Antiguako tuneleraino eta Pio Barojatik igoko dira Kiroldegiko biribilguneraino, eta handik beren ibilbide arrunta egiten jarraituko dute.
Bertan behera geldituko dira geltoki hauek: Mirakontxa, Miramar Jauregia, Baenako Dukea, Sanserreka eta Kiroldegia-Sanserreka. Hauek guztiak Kiroldegiko biribilgunearen ondoko behin-behineko geltoki batera lekualdatuko dira. Linea hauek ez dute aldaketarik izango Erdialderako norabidean.