AB Kroserako boluntario bila dabiltza
Bi urteren ondoren, ekainaren 11n egingo dute VII. Amara Berriko euskararen aldeko krosa (AB Krosa), eta azken orduko prestaketa lanetan dabiltza buru-belarri. Boluntarioak behar dituztela eta, animatzeko deia egin dute antolatzaileek. Ondorengo laguntzaileak behar dituzte: barra eta musika, haur txokoari laguntza eta ibilbiderako boluntarioak. Harremanetan jartzeko posta elektroniko bat –abkrossa@gmail.com– eta telefono zenbaki bat –688 62 37 41– zabaldu dituzte.
Lasterketarako izen-ematea zabalik dago oraindik Herrikrosa.eus webgunean. Gizon eta emakumeen arteko parte hartzea nahiko orekatua izan ohi da, baina aurten erdi eta erdi izatea nahi dute, eta baikor agertu dira: “Bide onetik goaz, momentu hauetan izen-emateak horrela daude: %49 neska eta %51 mutil”.
Lasterketa 19:00etan hasiko da eta bi lasterketa egiteko aukera egongo da: hiru eta sei kilometrokoa. Ibilbide motzerako, 5 euro ordaindu beharko dira, eta, ibilbide luzerako, aldiz, 10 euro. Probaren ostean, sari banaketaz gain, Mikel Karton musikariak arratsaldea alaituko du.