Aldakonea kaleko bi norabideak mantentzeko sinadurak biltzen hasi dira
Aldakonea kaleko sarbidea Mandasko Dukearen pasealekutik.Beñat Parra Iztuetako pasabide berriaren lanak direla eta, Donostiako Udalak Egiako Mandasko Dukearen pasealekuaren eta Aldakonea kalearen arteko lotura aldatu du. Une honetan, ezin da Mandasko Dukearen pasealekutik Aldakonea kalera igo motordun ibilgailuekin. Aldiz, jaitsi daiteke Aldakonea kaletik Mandasko Dukearen pasealekura. Hori dela eta, Aldakoneako bizilagunak sinadurak biltzen hasi dira udalak bi norabideak mantendu ditzan eskatzeko. Mugikortasun Sailak hedabide honi jakinarazi dio Iztuetako lanak bukatzean, Aldakonea kalea bi norabidekoa izango dela.
Behin-behineko erabakiak Aldakonean bizi diren auzotarrak ez ezik, egoiliarrak, eskolaren hornitzaileak, enpresak eta bezeroak ere kaltetuko dituela nabarmendu dute. “Egungo helbide bakarreko egoerak irisgarritasun arazo handia eragiten digu”, azaldu dute.
Egia Bizirik auzo elkarteak erabaki horren inguruan galdegin zion udalari. Segurtasun arrazoiengatik Aldakoneako sarbide hori norabide bakarrekoa izatea izatea aztertzen ari zirela jakinarazi zieten. Hau da, Mandasko Dukearen pasealekutik Aldakonea kalera doan bidean bi ibilgailu gurutzatzea arriskutsua zela esan zieten.

