San Joan bezperako intxaurren tradizioa
Intxaurrondoko Zulo Zahar elkarteak 'San Joan San Joan, intxaur bi kolkoan' ipuina argitaratu du.

Auzoko San Joan bezperako tradizioa berreskuratzea dute helburu, eta hilaren 23ra bitarte hainbat jarduera egingo dituzte, baita egun horretan bertan ere. Pasa den ostiralean, hilaren 3an, ipuinaren aurkezpena egin zuten elkartean. Junkal Lertxundi idazlearekin batera, Intxaurren tradizioaren nondik norakoak aurkeztu zituzten. Dena dela, ipuina irakurri behar da istorioa ezagutzeko. Ipuinean oinarrituriko haurrentzako antzezlana ere egin zuten, eta ondorengo bideoan ikus dezakezue.
Tradizioak honela dio: “Txikiak ginenean haur guztioi intxaur bana banatzen ziguten San Joan bezperan. Intxaurra fruitu ederra da, eta oskolak sekretuak gordetzeko kutxa magikoak dira. Intxaurra jan ondoren, oskolaren erdia hartu eta hari zure kezkak xuxurlatu. Ondoren, San Joan sura botatzen baduzu, aio kezkak”.
Esan bezala, San Joan bezpera bitarte hainbat jarduera prestatu dituzte Intxaurrondon. Hilaren 16an, 20an eta 22an soka dantza entseguan egingo dituzte Letaman plazan (18:30). Aldiz, hilaren 18an, sua pizteko materialaren bila joango dira Uliara. 17:00etan abiatuko dira Zulo Zahar elkartetik. Azkenik, hilaren 23an San Joan sua egingo dute Letaman plazan. 17.00etan hasiko dira sua prestatzen, 18:30ean plastikoa birziklatzeko tailerra egingo dute, 20:00etan sardinak dastatuko dituzte, eta, 22:00etan sua piztuko dute.