Arrandegi eraikinean kirol instalazioak jartzeko proiektua onartu du udalak
Donostiako Udalak gaur onartu du Bretxako Arrandegi eraikinean kirol instalazioak eraikitzeko proiektua. 1.483.272 eurokoa da aurrekontua, eta lanak egiteko zortzi hilabete zehaztu dituzte. Horiek udazkenean has daitezkeela esan du Eneko Goia alkateak. Proiektua Baika Mercados S.L. enpresak aurkeztu du eta Patxi Larizgoitiak, Arantxa Jaureguik eta Nieves Aranburuk idatzi dute.
Kirol instalazioak Arrandegi eraikinaren barruan eraikiko dituzte, eta eraikinaren azaleraren ia erdia hartuko dute bigarren eta hirugarren solairuetan. Sarbidea Aldamar kalean egongo da, kale mailan, irisgarritasuna bermatuz. Bigarren solairuan egongo da kirol pista: gutxi gorabehera 34×18 metroko altuera bikoitzeko espazioa izango du. Kirol mota desberdinak egin ahalko dira han. Hirugarren solairuan, berriz, irakaskuntza gela bat, komun egokituak eta pasabide bat jarriko dituzte. Pasabide hori balkoi gisa eraikiko dute, eta pistaren luzera ardatzaren araberakoa izango da. Hango jarduerak ikustea ahalbidetuko du.
Merkatua eta anbulatorioa
Bretxako Arrandegi eraikinak hiru eremu izango ditu. Kirol instalazioez gain, merkatu tradizionala egongo da beheko solairuan, eta lehenengoan eta bigarrenaren zati batean Parte Zaharreko anbulatorioa. Merkatua 2023ko urtarrilerako irekita egongo dela esan du Goiak, eta anbulatorioa kirol instalazioekin batera irekiko dute datorren urtean zehar.
Multzoaren birgaitze integralaren ondorioz, urbanizazio proiektu osagarri bat izapidetuko du udalak, plaza bera eta eraikinei erantsitako kaleak berritzeko. Bretxako eremu osoa oinezkoentzat bihurtzeko helburu duen Plan Bereziak ezarritako irizpide orokorrak errespetatu eta garatuko ditu proiektu honek.