Festak eztanda egin du Larratxon
Pandemiak eragindako etenaldi luzearen ostean, bueltan dira jaiak Larratxon ere. Atzo hasi ziren, Holi Festak koloreztatutako txupinazoarekin eta beste hainbat jarduerarekin. Festa hasi baino ez da egin, auzoa jai giroan murgilduta egongo baita astelehenera arte.
Larratxoko jai batzordeko kideak jaiez gozatzeko gogotsu daude. (Argazkia: Larratxoko jai batzordea) “Bi urteko etenaldiaren ostean, kostatu egin zitzaigun antolatzen hasteko nagia gainetik kentzea, baina, azkenean, lortu dugu”. Hala azaldu du jai batzordeko kide Naiara Crujeiras Lopezek. Bistan da nagia alde batera utzi zutela, bost eguneko egitarau zabala prestatu baitute, askotariko jarduerekin: “Adin guztietako auzotarrentzako jarduerak antolatu nahi genituen, eta pozik gaude, uste dugulako lortu dugula. Gainera, ikusten dugu auzoan jendea jaietarako gogoz dagoela”, azaldu du Crujeirasek.
Hala ere, aitortu du zailtasunen bat edo beste ere izan dutela: “Musika taldeak kontratatzea pixka bat kostatu zaigu; izan ere, bi urte pasatu dituztenez jo gabe, prezioak igo dituzte”.
Goizetik gauera
Atzoko txupinazo koloretsuaren ostean, Larratxon jaietako egun handietan murgilduko dira gaurtik igandera, eta jarduerak egingo dituzte goizetik gauera. Hain zuzen ere, auzoko zaharrenek hasiko dute festa gaur eta bihar; toka, bote eta rana txapelketarekin gaur, eta hamaiketakoarekin bihar. Bestalde, gaur arratsaldean, auzoko haurrak izango dira jaiaren erdigunea, 2020tik hona jaiotakoei jaietako zapia jarriko baitiete.
Era berean, ez dira faltako hainbat estilotako musika emanaldiak —rock jaialdia egingo dute gaur, eta rap lehiaketa bihar, besteak beste—, kirol txapelketak, helduen eta haurren danborradak eta oturuntzak. Hain zuzen ere, haurrentzako txokolate jana egingo dute gaur arratsaldean, eta herri afaria gauean; sardinak eta saiheskiak egongo dira menuan. Bihar, aldiz, paella bazkalduko dute, eta gaurko menu bera izango dute afaltzeko. Ordea, etzikoa izango da otordurik bereziena, herri zikiroa egingo baitute.
Berritasunak ere badira, jai batzordeko kideak azaldu duenez: “Alde batetik, auzoko haurtxokoak eta gaztelekuak jarduera batzuk egiten lagundu digute; besteak beste, biharko txapa ikastaroa eta kuadrillen arteko Olinpiar Jokoak antolatu dituzte. Bestetik, lehenengo aldiz, musikal bat izango dugu: La Bella y La Bestia, auzoko Guachindaguito kultur elkartearen eskutik”.
Horregatik guztiagatik, Crujeirasek argi dauka jende andana joango dela Larratxoko jaiez gozatzera: “Aurrekoan, Irungo emakume batek sare sozialetatik idatzi zidan, galdetuz ea noiz den Tsunami taldearen emanaldia [bihar gauean], ikustera etorri nahi duelako. Gainera, Bidebietako jaien ostean, gure inguruko auzoetako lehenengo jaiak dira gureak, eta, beraz, uste dugu inguruko jende asko etorriko dela”. Gauza bakar batek kezkatzen du Crujerias: “Espero dezagun euririk ez egitea, euriarekin mundu guztiak alde egiten baitu!”.

