Ehun merkataritzako langileen lan baldintzak hobetzeko, grebara
ELA eta LAB sindikatuek beste greba egun bat deitu dute ekainaren 23rako Gipuzkoako Ehungintzako Merkataritzan, hitzarmenaren negoziazioa “desblokeatzeko”. Sindikatuek sektoreko patronalei exijitu diete kolektiboaren lan baldintzak hobetzeko proposamen bat egin dezatela, besteak beste, gehiegizko partzialtasunaren arazoa konpontzeko eta urteko lanorduak murrizteko.
ELAk eta LABek salatu dute merkataritzaren egoerak nabarmen egin duela okerrera azken urteotan, eta Gipuzkoako ehun merkataritzaren errealitatea aintzat hartuko duen hitzarmen bat aldarrikatu dute, lan baldintzak hobetuko dituena eta kalitatezko enplegua bermatuko duena. Gipuzkoan azken urtean ixten ari diren denden inguruan arreta deitu dute sindikatuek: “Guztira, 70 lanpostu zuzen baino gehiago suntsitu dira”. Gainera, digitalizazioari aurre egiteko neurriak hartu behar direla ohartarazi dute: “Online salmentek eta denden itxierek merkataritzaren egoera kaltetu dute”.
Azaldu dutenez, 2.262 langile daude Gipuzkoako ehun merkataritzaren sektorean eta egoera desberdinak ematen dira: batzuei 2006-2009 hitzarmena aplikatzen zaie eta soldata izoztuta dute ordutik; beste batzuei, berriz, 2010-2018 hitzarmena.
Patronalak hitzarmena “blokeatu” du
2021aren amaieran hasi ziren hitzarmenaren negoziazioak, eta, hainbat bilera egin ostean, orain arte ez da ezer aurreratu: “Patronalak hitzarmena blokeatu du”.
Sindikatuen ustez, “jasanezina” da egoera sindikatuentzat: “Urtean 1748 lanorduetatik inoiz jaitsi ez diren langileez ari gara; 20 urte baino gehiago eta borondatezkoa ez den 20 orduko lanaldi partziala duten langileez; bateratzeko ezintasunaz, sustapen ezintasunaz, dendak ixteaz, Enplegu Erregulazioko Espedienteez eta kaleratzeez ari gara”.
Maiatzaren 27an antolatu zuten bi sindikatuek lehen greba eguna, eta ondoren egindako negoziazio bileran aldaketarik eman ez zela ikusita, bigarren greba eguna antolatu dute ekainaren 23rako, beherapenen hasierarekin kointzidituz.