Heriz pasealekuko Koisi ostatuak ez du bizilagunen atsedena errespetatzen, Bizilagunekinek salatu duenez
Turistifikazioaren aurkako Bizilagunekin plataformak salatu du Antiguako Heriz pasealekuko Koisi ostatu turistikoa arazoak sortzen ari dela berriz ere, bisitariek gauean egiten duten zaratarengatik: “Heriz pasealekua leku lasaia zen Koisi ostatua ireki zuten arte. Orain, bizilagunen atsedena ez da errespetatzen, eta denetariko arazoak dituzte”, salatu dute, eta bideo bat plazaratu dute, diotena frogatzeko (behean ikus dezakezue). “Udalarekin eta jabeekin harremanek ez dute konponbiderik ekarri”, gaineratu dute.
Izan ere, Koisi ostatua 2016an ireki zuten –elizarena zen eraikin batean–, eta eragin zuzena izan zuen euren egunerokotasunean. Horrela, udalak kexei erantzun tinkorik ematen ez ziela ikusita, bizilagunek euren kabuz ekitea erabaki zuten, talde bat sortuz. Azkenean, lortu zuten udalak ostatuko jabeekin hitz egitea eta espazioari mugak jartzea, baina, bideoan ikusten denez, mugak ez dira beti errespetatzen ari.
Bestalde, Bizilagunekin plataformak gogorarazi du “Koisi ostatutik metro gutxira, Heriz pasealekuan bertan, Ondarreta Beach ostatua” dagoela. “Laster, gainera, Matia eta Sukia kaleen arteko izkinako eraikin osoa hartuko duen ostatu erraldoia zabalduko dute. Babestutako eraikin bati solairu berri bat gehitu diote horretarako”, gaineratu dute.