"Koloretako arrozen egitasmoak gizartean integratzen lagunduko digu"
Koloretako arrozak izeneko Amara Berriko kultur aniztasunaren ospakizuna egingo dute igandean, Prebostes plazan, 11:00etatik aurrera. Munduko hainbat herrialdetako pertsonak elkartuko dira, nork bere arroza prestatu eta, bide batez, elkar ezagutzeko. Parte hartzaileen artean da Gipuzkoako Kichwa Otavalo elkartea ere, jatorri ekuadortarra duena. Bertako kide den eta Donostian bizi den Theus Conejorekin izan gara, eta horrelako ekimenak eurentzat “garrantzitsuak” direla adierazi du.
“Kichwa Otavalo elkarte kulturala da, eta Gipuzkoan bizi garen 67 pertsona atzerritarrek osatzen dugu, gehienak ekuadortarrak. Gure helburua gizartean integratzea da, guk euskaldunen ohiturak eta tradizioak ikasiz, eta alderantziz. Koloretako arrozen egitasmoak gizartean integratzen lagunduko digula pentsatzen dugu, horregatik erabaki dugu parte hartzea”, azaldu du Conejok.
Oraindik ez dakite zein arroz mota prestatuko duten, izan ere, Ekuadorren arroza oso ohiko jakia da, baina prestatzeko modu ugari daude. “Hamazazpi nazionalitate desberdin daude Ekuadorren, eta bakoitzak bere erara kozinatzen du arroza. Igandean elkarteko lau pertsona elkartuko gara, eta pixka bat lehenago erabakiko dugu nola prestatu”, adierazi du.
Arroza prestatzen duten bitartean, euskal dantzak ikusteko aukera, Grupo Musical Sin Fronteras taldearen kontzertua eta munduko musikak entzuteko beta izango dira.
Bestalde, aste honetako astekarian irakurri ahal izango duzue Theus Conejori egindako elkarrizketa osoa.