La Herrerako eremua urbanizatzerakoan bizilagunen beharrak aintzat hartzea proposatu du EH Bilduk
Pasaiako Portu Agintaritzak Herrera Mendebaldeko portuko biltegien estalkia urbanizatzeko proiektua onartu zuen maiatzaren 18an. EH Bilduk jakinarazi duenez, Portuko Agintaritzak ez du inguruko auzotarren iritzirik jaso proiektua osatzeko. Atzoko udal batzordeetara eraman zuen gaia EH Bilduk premiazko eskaera baten bidez. Udal gobernuak premiazkotasuna onartu zuen, baina soilik aintzat hartuko zuela esan zuen, “inolako konpromisorik hartu gabe”.
“Azpiegitura berri horrek mesede handia egin diezaieke Trintxerpeko eta Herrerako bizilagunei, Gomistegikoei eta Gaiztarrokoei barne, baita Bidebietakoei ere. Eremu zabal horrek arnasgune funtzioa bete dezake, dentsitate handia duten auzo horientzat, bereziki gazteentzat”, azaldu du udal taldeak.
Pasaiako Portu Agintaritzaren egitasmoari hiru helegite aurkeztu dizkio EH Bilduk. Lehenik, Joaquin Montero arkitektoak idatzi duen proiektuak Pasaiako Udalbatzak 2011ko maiatzaren 18an hartutako erabakia errespetatzen duen aztertzeko eskatu dute. “Erabaki honek, La Herrera gunerako etorkizunerako ordenazio irizpideak zehazten ditu eta herritarrek parte hartze prozesu zabal batean egindako proposamenaren aspektu zehatzak definitzen dira”. Bigarrenik, Portu Agintaritzari eskatu diote inguruko bizilagun eta elkarteekin proiektuaren aurkezpen publikoa egiteko behin- betiko onarpena eman baino lehen, “proiektuaren nondik norakoak partekatzeko eta aipatutako kolektiboen ekarpenak jasotzeko”.
Hirugarrenik, La Herrera gunean aurreikusten den plaza berriari erabilera konkretu bat emateko proposamena egin dute: “Uste dugu proiektuak gazteen aisialdirako gune berria eskaini dezakeela, adibidez, kirol anitzeko pistez, iturriaz edota lagunekin elkartzeko guneez osatuta (betiere, bizilagunek egin ditzaketen proposamenen kontra egin gabe). Horretarako, garrantzitsua deritzogu inguruan ditugun baliabideak aztertzea, badaudelako Portu Agintaritzak proposatu duen parkearen gisako beste bi haur-parke tarte oso txikian. Ez du zentzurik baliabide publikoak bikoizteak”.