Salbamendu, erreskate eta bilaketa zerbitzuen gaineko zerga onartu du udalak
Aurrerantzean, arduragabekeriaz jokatzen duten herritarrek bilaketa, erreskate eta salbamendu zerbitzuak ordaindu beharko dituzte. Donostiako Udalak gaur onartu du Prebentzio, Su Itzalketa eta Salbamendu sailak ematen dituen zerbitzu horiek arautzeko udal ordenantza.
Eneko Goia alkateak nabarmendu duenez, zerga honen xedea da arriskua sor dezaketen kirol zein aisialdi jarduerak eta arduragabekeriak saihestea.
Zigor ekonomikoak esanguratsuak direla gaineratu du Goiak, eta hainbat adibide eman ditu: “Isun merkeena itsas salbamenduko motor bat erabiltzea litzateke. 28 euro balio ditu irteera bakoitzak. Aldiz, garestiena baliabide guztiak dituen suhiltzaileen kamioi bat da. 185 euro balio ditu irteerak. Noski, mobilizatzen diren langileak gehitu behar dira. Esaterako, suhiltzailen baten orduak 41 euro balio ditu, eta ofizial batenak 69 euro”.
Udal zergaren tramitazioa aurrera doa, eta hasierako onarpena uztaileko udalbatzarrean emango diote. Ondoren, alegazioak aurkezteko epea irekiko dute, eta baldin eta ez bada alegaziorik aurkezten, zerga irailean indarrean sartuko litzateke.