Kiskula Huarte donostiarraren 'Zotor W140 N' filma estreinatuko dute Amaran
Kiskula Huarte Amarago zinemagileak bere azken filma, Zotor W140 N, estreinatuko du ostiralean, hilaren 24an, karmeldarren elizako zinema aretoan, 20:00etan. Huartek, Perlita Films ekoiztetxearen bidez, urteak daramatza filmak egiten, beti bere ukitu berezi horrekin, eta Zotor W140 N-k gai hau izango du ardatz: Euskal Herriko estazio espazial txiki batek hiru astronauta bidali nahi ditu ilargira. Donosti Berri elkartearen mendeurrenaren barruan antolatu dute proiekzioa, eta, nabarmendu dutenez, “munduko estreinaldia” izango da. Filma ikusteko, gonbidapena eskatu behar da, elizan bertan edo elkarteko kideekin harremanetan jarrita.
Filmaren kartela Huarteren anai Roscow artistak egin du, eta Los Hormigones taldeak egin du soinu banda. Horrez gain, filmeko eszena batzuk Donosti Berrin grabatu dituzte. Huarteren beste hainbat film doan ikus daitezke, Perlita Films ekoiztetxearen webgunearen bidez. Jarraian, Zotor W140 N-ren iragarkia ikus dezakezue:
Bestalde, Donosti Berri elkarteak larunbaterako beste jarduera bat antolatu du. Iñaki Egaña historialariak, Amarako bizilagun eta Donosti Berriko bazkide denak, mendeurrenaren harira, Irutxulo Zar, Donosti Berri liburua idatzi du, non auzoaren eta elkartearen historia bildu duen, elebitan eta 100 argazki baino gehiagorekin. Horrela, liburu hori aurkeztuko dute larunbatean, hilaren 25ean, Easo plazan, 12:30ean. Liburua salgai egongo da aurkezpenean bertan.