Asier Azpiroz, Beñat Gaztelumendi eta Unai Gaztelumendi bertsolari donostiarrek Bertsolari Txapelketa Nagusian hartuko dute parte
Bost urteren ostean, Bertsolari Txapelketa Nagusia jokatuko da aurten, irailetik abendura bitartean. 42 bertsolarik hartuko dute parte edizio honetan, eta, tartean, hiru donostiar arituko dira: Asier Azpiroz zubietarra, eta Beñat eta Unai Gaztelumendi anaiak, añorgatarrak.
Getxon, Arrasaten, Gotaine-Irabarnen, Gasteizen, Donostian, Lizarran, Elizondon, Donibane Garazin, Irunen, Durangon, Amurrion, Baionan, Bilbon eta Iruñean izango dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko saioak. Sei saio izango dira lehen fasean: irailaren 24an hasita, bina saio jokatuko dira astebururo. Zazpi finalaurreko izango dira jarraian: asteburuko saio bat jokatuko da, larunbatero, zehazki. Eta azkenik, abenduaren 18an finala izango da Iruñeko Nafarroa Arenan.
Donostian lehen faseko saio bat egingo dute, urriaren 8an, larunbata, 17:00etan, Victoria Eugenia Antzokian. Saio guztietarako sarrerak ekainaren 23an jarriko dituzte salgai www.bertsosarrerak.eus atarian.
Bertsozale Elkarteak antolatzen duen hamargarrena izango da aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bertsozale Elkarteak gaurko aurkezpenean jakinarazi duenez, azken urteotan, “ahalegin handia” egin dute tokian tokiko antolatzaileekin, bertso-eskolekin eta sortzaileekin beraiekin batera plaza biziberritzeko: “Egoerak hobera egin du, eta horrek poza ematen du. Dena den, bertso plazaren martxa arretaz segitzen dugu; batetik, pandemiak utzitako ondorioak oraindik ere ez direlako guztiz desagertu, eta, bestetik, bertsolaritzaren egungo egoera bertan islatzen delako”.