Loiolako kuartelen inguruko akordioa "uda honetan" ixtea espero du Eneko Goiak
Donostiako alkate Eneko Goiak iragarri zuen uda iritsi baino lehen aurreikusten zuela Loiolako Kuartelen inguruko akordioa. Dena dela, ez da horrela izan, eta hori bera baieztatu zuen Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. “Aurreikuspenak onak dira, baina denbora gehiago beharko dugu”, esan du Goiak.
Udalak denbora darama Espainiako Defentsa Ministerioarekin negoziatzen, eta ados jarri ahal izango dira uste du alkateak: “Lanean jarraitzen dugu, eta detaileak ixtea falta da. Detaile juridiko eta ekonomikoak. Dakizuenez, ez da kontu erraza. Uda honetan akordioa ixtea espero dut”.
Urte eta erdi pasa da
EAJk 2020ko azaroan lortu zuen Loiolako kuarteletako lursaila udalaren esku geratzeko akordioa. Madrilen adosturikoaren bidez, udalak Loiolako kuarteletako lursaila Defentsa Ministerioari erosi ahal izango dio, birkalifikatze prozesu bat egin ondoren. Udalaren aspaldiko eskaera da hori, Urumeako ibarrean urbanizatzeko gelditzen den lursail bakarra delako. Hogei hektarea inguruko azalera du, eta udalak etxebizitzak egin nahi ditu han.