Groseko Katalunia plazako oholtza berritzen ari dira
Denboraren joana eta jendearen erabilera handia dela eta, hondatu egin da Katalunia plazako haur-parkearen eta berdegunearen arteko oholtza. Duela hamar urte berritu zuten, eta pinu-egurrezko arrastelak ustelduta zeuden, eta hautsita edo behera eginda haren gaineko ohol asko. Oholtza horrela egotea arriskua zen handik pasatzen zen jendearentzat, eta baita ondoko jolasetan aritzen ziren umeentzat ere.
Hala, Hiri Mantentze Lanetako zinegotzi Miguel Angel Diezek adierazi du egoera hori ikusita, kentzen hasi direla oholtza, arrastelak eta josteko material guztia. Ondoren, tokia saneatu eta altzairu galbanizatuzko arrastelak jarriko dituzte, 30 milimetroko altuerakoak; eta oholtza teknologikoa, 90 metro koadroan.
Lanak egiteko hiru aste izan beharko dituzte, eta 17.560,73 euroko aurrekontua izango dute (BEZa barne).