Txuri Berri Curling taldeari harrera egin dio udalak, denboraldiko lorpenengatik
Donostiako Udalak Txuri Berri Curling taldeari harrera egin zion atzo. Ekitaldia Donostiako udaletxean izan zen, eta bertan parte hartu zuten Nekane Arzallus zinegotziak eta udal talde guztietako hainbat ordezkarik.
Nekane Arzallusek udalaren izenean oroigarria eman zien Oihane Otaegi eta Mikel Unanue Txuri Berri Curling-eko ordezkariei, eta kide guztiak zoriondu zituen denboraldiko lorpenengatik: Espainiako txapeldun mistoan eta gizonezkoetan, eta brontzezko domina emakumezkoetan.
Nekane Arzallusek honakoa azpimarratu zuen: “Azkenengo sei urteetan podiumetik jaitsi ez den kluba dugu hemen. Europan eta munduan zehar gure hiriaren izena eraman duen eta modu ezin hobean ordezkatu duen kluba. Lan eta sakrifizio handiak egin dituzue, eta horiei esker lortu duzue gaur Donostia ere ezaguna izatea bere Curling-eko klub txapeldunagatik. Zorionak”.