Amarako azken 100 urteotako historia errepasatu du Iñaki Egañak 'Irutxulo Zar, Donosti Berri' liburuan
Amarako Donosti Berri elkarteak, bere mendeurrenaren harira (maiatzaren 1ean bete zituen 100 urte), Amarako historiari buruzko liburu bat idazteko eskatu zion Iñaki Egaña historialari, elkarteko bazkide eta IRUTXULOKO HITZAko kolaboratzaileari. Larunbatean aurkeztu zuten, Easo plazan: Irutxulo Zar, Donosti Berri. Amarako istorio bat da liburua, eta Amarako azken 100 urteotako historia errepasatu du Egañak (1922tik 2022ra).
“Esku askoren artean egin da liburua, eta, beraz, garrantzitsuena da denok garela protagonistak. Zergatik? Batzuetan, historiako protagonistak izan garelako eta beste batzuetan lekukoak. Batzuk gazteak zarete eta beste batzuk adinekoak, baina bizipen asko izan ditugu auzo honetan, eta horregatik gara protagonistak”, adierazi zuen Egañak aurkezpenean. Era berean, gaineratu zuen “auzo liburu bat egitea oso erraza” dela, “jende askok hartu duelako parte eta euren lekukotasuna eman dutelako”.
Liburua elebitan dago, eta auzoko 100 argazki zahar baino gehiago ditu. Easo plazako kioskoan eta Alboka tabernan erosi daiteke, 10 euroan.