Luzatu egingo dira San Rokeko eskailera mekanikoak konpontzeko lanak
Udalak jakinarazi duenez, konplikatu egin da San Roke aldeari zerbitzua ematen dieten eskailera mekanikoetan izandako arazoa, eta, ondorioz, geldirik egongo dira ia hiru hilabetez.
Trakzio-kateko gurpil batzuk apurtuta zeuden, eta eskailera-mailak ondo ez elkartzea eragiten zuen horrek. Gainera, “zarata gogaikarria” ateratzen zutela adierazi du udalak. Hori dela eta, murriztu egin zuten eskaileren ordutegia eta abiadura.
Hura konpontzeko garaian, ordea, ikusi dute araudiak uzten duena baino handiagoa dela bi eskailera-mailaren artean alboz-alboko distantzia; eta, segurtasunagatik, eta istripurik ez izateko, eskailera mekanikoak erabat gelditzea erabaki dute.
Kalkulatzen dute zortzi eta hamar aste inguru iraungo dutela lanek; izan ere, trakzio-kateen egoeraren arabera (eta haiek urte batzuk dituztela jakinda), agian eskailera-maila guztiak berritu beharko dira.