Tabakalerak kalera aterako ditu hainbat lantegi eta liburu
'Medialab magnoliatan' izenburupean, aire zabalean egingo dituzte Medialaben zenbait jarduera, Andre Zigarrogileak plazan.
Tabakalera eraikinaren sarreran dauden magnolioen ondoan, txoko berezi bat prestatuko du Medialabek: gustu eta interes guztientzako liburu, aldizkari, komiki eta jolasak izango dira bihartik aurrera aire zabalean. Gerizpean edo eguzki izpirik galdu gabe, herritarrek hainbat irakurgai irakurri, ikasi eta gauza berriak egiten probatzeko aukera izango dute Medialab magnoliatan izeneko programazioan.
Asteartero, hiria, arkitektura eta espazioen antolaketa bezalako gaiak jorratuko dira. Material ezberdinekin hiri ibat osatuko dute saio horietan eraikitako maketen bidez. Asteazkenetan, aldiz, arte sorkuntza eta haren teknikak jorratuko dira. Ostegunetan, argiak eta soinuak izango dira txokoen ardatz. Ostiraletan, gorputz adierazpenaren bidez jolasteko, sortzeko eta ikasteko jarduerak izango dira, hala nola, role playing-a, mimika eta dantza.
Eguraldi txarra egiten badu, txoko berezi hau Medialabek Tabakalerako bigarren solairuan duen ohiko espazioaren kanpoaldera eramango dira. Bihar hasi eta abuztuaren 26a arte izango da zabalik kanpoaldean txoko hau, asteartetik ostiralera, 10:30etik 19:30era, eta larunbatetan, 10:30etik 13:30era.