Behin-behineko terraza guztiak kendu dituzte, Easo kalekoak izan ezik
Pasa den larunbatean, hilaren 25ean, amaitu zen Donostiako ostalaritza establezimenduek pandemiaren kalteak arintzeko jarritako behin-behineko terrazak kentzeko epea, eta udaleko iturriek hedabide honi jakinarazi diotenez, dagoeneko kendu dituzte denak. Easo kaleko ostalaritza establezimenduak dira salbuespen bakarra, terrazak behin-behinean mantentzeko baimena eman baitie udalak, metroaren lanek sortzen dizkieten eragozpenak arintzeko.
Udalak 2020ko azaroan ezarri zituen ostalaritza establezimenduen terrazen araudia malgutzen zituzten neurriak, pandemiak ostalaritzari eragiten zizkion kalteak arintzeko asmoz. Besteak beste, aparkalekuetan eta tabernen inguruko plazetan eta kaleetan terrazak jartzeko baimena eman zien, eta hala egin zuten hiriko 35 ostalaritza establezimenduk. Koronabirusaren pandemiaren ondorioz ezarritako neurrietatik, indarrean jarraitzen zuen azkenetakoa zen behin-behineko terrazena.