La Cumbreren kudeaketa "karga" ez izatea espero du udalak
Donostiako jarduneko alkate Nekane Arzallusek astearte honetan adierazi duenez, La Cumbre Jauregia Udalari lagatzea, “albiste ona izango da Donostiarentzat, baldin eta erabilera publikorako eta herritarren gozamenerako balio badigu”. EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostu dute lagapena Memoria Demokratikoaren Legearen baitan.
Era berean, EAJko ordezkariak azaldu zuenez, udalak lagapen akordioaren xehetasunak ezagutu arte itxarongo du, “gaur egun ezagutzen ez ditugunak”, zein terminotan hitzartu den jakiteko, eta, “balorazio zehatzagoa” egin ahal izateko Noticias de Gipuzkoa-k jaso duenez. “Hori bai, espero dugu baldintza horiek hiriari karga larririk ez eragitea”, esan du zinegotziak, eta gogorarazi du eraikina HEOBPB-n gehieneko graduarekin (A) katalogatuta dagoela, eta, beraz, katalogazio horrek berekin dakartzan babes baldintzei lotuta dagoela “.
EH Bilduren akordioa
Ezkabako gotorlekua memoria gune bihurtzea eta La Cumbre Jauregia Donostiako Udalaren esku uztea adostu zuten atzo EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak. EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak asteartean azaldu duenez, “diktadura frankista sufritu zutenentzat” egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidetik “memoria partekatu bat” eraikitzeko helburuarekin ari da lanean koalizioa. Lege proiektuak “gabezia” batzuk zituela uste du Aizpuruak, baina “azken hilabeteetako lanaren ondorioz”, lege proiektua “hobetu” da bost puntutan.
Donostiako La Cumbre Jauregiaz gain, Iruñeko Ezkabako gotorlekua eskualdatzea adostu dituzte. Aizpuruak gogora ekarri duenez, Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitza izan zen Francoren udako egonaldietan, Aiete auzoan, eta Gipuzkoako Gobernadore Zibilaren bizitokia ere izan zen; han torturatu zituzten Lasa eta Zabala 1983an, GALeko kideek hil eta kare bizian lurperatu aurretik. Jauregiaren lurrak eta dokumentazioa Donostiako Udalaren esku utziko dira Memoria Demokratikoaren Legea indarrean sartu eta gehienez ere urtebeteko epean.
Mertxe Aizpurua bozeramailearen hitzetan, sinbolismo eta esanahi historiko handiko bi lorpen dira, eta aurrerapausoa dira memoria “partekatua aitortu eta eraikitzeko bidean”.