"Estropada guztietara goaz dena ematera"
Donostiarrak lau onenekin aritu nahi du emakumezkoen eta gizonezkoen maila gorenean. Nesken taldeak goitik behera berritu behar izan du trainerua, eta mutilek iazko bloke garrantzitsua mantendu dute. Liga ondo hasteko itxaropena dute Maialen Alkorta Bakeriza (Parte Zaharra, 1998) eta Peru Alkorta Bakeriza (Parte Zaharra, 1997) anai-arrebek.
Peru eta Maialen Alkorta Bakeriza anai-arrebak, Parte Zaharrean. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Noiztik zaudete elkarrekin klubean?
Peru Alkorta (P.A.): Ur Kirolakekin hasi ginen arraunean, aulki mugikorrean. Ni 2011. urtean hasi nintzen eta Maialen urtebete beranduago. Ordutik elkarrekin gaude.
Maialen Alkorta (M.A.): Traineruan arraunean, berriz, urte berean hasi ginen.
P.A.: Donostiarrara 2016an joan ginen biak elkarrekin, eta orduan utzi nuen aulki mugikorra.
M.A.: Nik bi modalitateak egiten jarraitu nuen, mugikorra eta finkoa. Hamar urte luzez aritu ondoren, aurten izan da lehen aldia aulki mugikorrean ibili ez naizela. Pandemiarengatik aukeratu behar izan nuen bata edo bestea, eta trainerua aukeratu nuen.
Zenbat denbora daramazue bakoitzak arraunean eta klubean?
M.A.: Arraunean hamar urte daramatzat, eta Donostiarrarekin sei.
P.A.: Nik, berriz, arraunean 11 urte daramatzat, eta Donostiarrarekin arrebaren antzera, sei urte.
M.A.: Ni hasi nintzen anaia arraunean ikusi ondoren.
Eta nondik datorkizue arraunarekiko zaletasuna?
P.A.: Maialenek esan moduan, arraunean hasi nintzelako erabaki zuen berak ere probatzea. Guk ez genekien, baina gure gurasoak arraunlariak izan ziren Ur Kirolaken.
M.A.: Ur Kirolaken ezagutu zuten elkar!
P.A.: Gainera, gure amaren bi anaiak arraunlariak dira, eta gure aitaren bi anaiak baita ere. Hau da, familian arrauna oso presente dugu.
M.A.: Familian gehiago aritu izan dira aulki mugikorrean, eta ez dute trainerua probatu. Bi osaba Mundu Txapelketan aritu ziren arraunlari eta lemazain gisara.
P.A.: Nik futbolean jokatzen nuen lagunekin, gazte guztien antzera. Uda batean erabaki genuen kuadrillako sei-zazpik arraun ikastaro bat egitea, bi astekoa. Hainbeste harrapatu gintuen, urte hartan bertan futbola utzi eta arraunean hasi ginela. Kuadrillako bakarra naiz jarraitzen duena. Kadete eta gazte mailan askok utzi zuten, exijentzia maila altua delako. Ni harrapatuta geratu nintzen, eta hamabi urteren ondoren, hemen jarraitzen dut.
M.A.: Nire kasuan, askotariko kirolak egiten ari nintzen; tartean, judoa. Gurasoek ez gintuzten behartu arrauna probatzera. Pentsa, nik ez nekien gurasoak aulki mugikorrean aritu zirenik. Peruk arraunaren munduan sartzea erabaki zuen, eta ni ere tentatu ninduen. Mireia lagunarekin joan nintzen bera ikustera, eta probatzea erabaki genuen. Aurreiritziengatik pausoa ematea kostatu zitzaigun. Kuadrillako beste bi ere hasi ziren, eta Peruren antzera kuadrillako bakarra naiz jarraitzen duena.
Zuen antzeko kasuak ezagutzen dituzue?
P.A.: Hondarribian Ibai eta Irati Camarero anai-arrebak daude. Galiziako Aida eta Pedro Carro aipa daitezke, Aida Donostia Arraun Lagunaken aritu zelako, eta Pedro Aresen.
M.A.: Harrobikoak diren anai-arrebei dagokienez, soilik gu eta Camarerotarrak gaude. Bestalde, Donostiarran beste anai-arreba batzuk ditugu, Olatz eta Endika Lopez tolosarrak.
Hasi da arraun denboraldia, eta hastear da liga. Prest dago Donostiarra?
M.A.: Bai horixe! Sekulako gogoa dugu. Lehen aldia da aulki mugikorrean ibili ez naizela, eta denboraldi aurrea oso luzea egin zait. Hamaika arraunlarik utzi dute emakumeen trainerua, eta bloke berri bat osatu behar izan dugu. Entrenatzailea ere aldatu dugu. Rufo Urtizbereak ekarri dizkigun aldaketak sekulakoak izan dira. Peruren entrenatzailea izan zen. Banekien nolakoa zen, baina ez nuen espero horren ondo moldatuko zenik gurekin. Arraunketa aldatu dugu, goitik behera. Gogotsu nago ikusteko epe luzera egiten ari garen lanaren eboluzioa.
P.A.: Niri aurten egokitu zait barrutik bizitzea Donostiarraren lehen eta bigarren taldearen prestaketa. Ditudan ezaugarriengatik bigarren taldeko dinamikan hastea egokitu zait. Nolanahi ere, nire helburua da lehen taldearekin aritzea. Errealista izanda, bi taldeen arteko aldea aztertzerako orduan, salto handia dago. Bigarren taldea gazte asko etorri dira Urkitik. Bloke berri bat da, eta oso gogotsu daude lanerako. Lehen taldeari dagokionez, blokea mantendu dugu. Euskolabel ligan goranzko ibilbide bat darama, urtez urte, eta aurtengo helburu nagusia beste urrats bat egitea izango da. Hori bai, zaila izango da maila ikaragarria delako, baina helburu hori ez da albo batera utzi behar.
Donostiarrak lauko onenen artean, ohorezko txandan, egonkortzea lortu zuen iaz. Hori mantentzea eta banderak lortzea da helburua?
P.A.: Donostiarra egonkortua dago maila gorenean. Helburua da lehengo urtekoa hobetzea, eta aukeran banderak astintzea. Halere, esan moduan, helburua da lau onenen artean egoteko borrokan aritzea.
Maialen, aldaketek eragina izan dezakete emakumezkoen traineruaren erabateko errendimenduan eta emaitzetan?
M.A.: Barrutik dugun sentsazioa eta esan digutena berdina da. Gure asmoa da denboraldia hastea eta non gauden ikustea. Bloke berri bat osatu dugunez, garapen handiena izan dezakeen taldea gara. Lan asko egin dugu, eta oso gustura gaude lortzen ari garen mailarekin. Ez dut uste besteak baino gutxiago garenik. Orio eta Donostia Arraun Lagunak puntu bat gorago daude. Tolosaldea ere oso ondo dabil. Halere, estropadetan edozeinek irabaz dezakeela uste dut. Urtetik urtera orekatzen ari da hori, eta uste dut ligako lau taldeek irabazi ahal dituztela banderak.
Emakumezkoen taldea kolokan egon zen pasa den sasoi bukaeran?
M.A.: Askok utzi zuten, bai, eta desagertzeko arriskua zegoela konturatu ginen. Bakoitzak bere erabakiak hartu zituen. Nik etxeko traineruan gelditu nahi nuela argi nuen, etxean arrauna egin nahi dutenekin eta proiektuan sinesten dutenetik. Rufo [Urtizberea] etorri zenean, argi ikusi nuen aurrera egingo genuela. Azkenean, kuadrilla polit bat elkartu gara. Asko eta asko lehenagotik ezagutzen dugu elkar, aurreko urtetan Donostiarran ibilitako batzuk itzuli direlako taldera. Horrek asko lagundu digu, eta uste dut aipaturikoa traineruaren arraunketan nabarituko dela.
Bilbo eta Donostia. Horiek dira lehen bi geltokiak. Bi traineruak dena lehiatzera aterako zarete?
M.A.: Hori ez da negoziatzen. Estropada guztietara goaz dena ematera. Kolpea ematen badigute, altxako gara. Eta ondo ateratzen bada, arnasa hartu eta hurrengo erronkari begira jarriko gara. Horrela izango da astebururo. Bilbon hasiko dugu denboraldia. Igandekoa baino fisikoagoa izango da biharkoa, ibaian jokatuko delako. Erlojuaren kontrako saioa izango denez, bakoitzaren indarrak neurtzeko aproposa izango da. Estropadarekin gustura geratzea da gure asmoa, helburu zehatzik jarri gabe. Izan ere, aurrerago esan moduan, gure asmoa epe luzekoa da. Estropada eta entrenamendu bakoitzeko hobetu nahi dugu.
P.A.: Jauzi handia dago, denboraldi aurretik ligara. Lehia asteburu honetan hasten da. Ibaiko eta itsasoko estropada bat. Arraunaren bi aurpegiak ikusiko ditugu. Bakoitzaren maila baita ere, uretako denborek hitz egingo dutelako. Donostiarraren gizonezkoen denboraldi aurrea ona izan da. Fitxaketen adaptazio fasea oso ona izan da, eta blokea mantendu dute. Traineruko kideak ondo sentitzen dira. Goitik gertuago egoteko helburuarekin aterako gara. Zergatik ez bi garaipen asteburu honetan?


