"Eta berriz jaioko gera"

San_Joan_bezpera___Morlans San Joan sua, Morlansen.Beñat Parra

Galeano eta Negua herrixka aipatzeko tentazioari ezin eutsi: sutxoen itsasoa, eta argitzen eta erretzen ez duten su tentelak, eta bizitza horrenbeste gogoz erretzen duten suak, begiak kliskatu gabe begiratu ezin diren horiek, gerturatzen dena, piztu egiten dutenak.

Udararen itzulera ospatzen dugu, San Joan bezpera urteko egunik luzeena delakoan, kontuan hartu gabe, entzungor eginez, hemendik aurrera egunak motzagoak izango direla. Nahi gabe bada ere, abiadura hartzen ari garela, datorren hotzaldian babesteko, horretarako sobran dena errez.

Erretzen ditugu sasiak, erretzen zamak, eta erretzen gara gu ere, gure azal zaharra utziz atzean, azalberritzeko. Azalberrituta, biziberrituta, eman diezaiogun ongietorria udarari, eta bizitzari. Galeanoz gain, inork ez al du oroitzen Blaka talde donostiar mitikoaren leloa? “Sua hartuko dugu elkarrekin / eta berriz jaioko gera / gure errautsetatik / fenixa bezala”.

Soluzio bakoitzaren aurrean hamaika arazo topatu beharrean, elkarrekin eta elkarrentzat banatu dezagun sua, eta, oparotasuna. Urtaro aldaketa bakoitza aukera bat izan dadin.

HITZAkide HITZAkide