Kuadrillak, blusak eta bazkari jendetsu bat izango dira Intxaur jaietan
Bi urteren ostean, bueltan dira Intxaur Jaiak. Gaurtik aurrera, igandera arte Sagastieder plazan ondo pasatzeko hamaika aukera izango dute bizilagunek, «inoizko jendetsuenak» espero diren jaietan.
Erabat berrituta, Intxaur jaiek urtez urte sona handiagoa dute, bai auzoan eta baita Donostian ere. Lantalde txikia den arren, aurten azken urteetako jairik «handienak» egitea espero dute jai batzordeko kideek.
Pandemiak sortutako osasun larrialdi egoeran jaiak antolatzeko saiakera egin zuten, baina ez zen ezertarako giro. Aurten, jada jaiak normal egiteko aukera zegoenean aurreko urteetako dinamika berarekin abiatu dira. Denboraz pixkat larriago, baina prest.
Intxaurrondoko Jai Batzordea zortzi lagunek osatzen dute. Eta dena beraiek egiten dute: «Den-dena», nabarmendu du Olaia Antero Sanchezek (Intxaurrondo, 1997), erdi barrez. «Beste auzoetan hainbat lan talde egoten dira, baina guk dena gutxiren artean egin behar izaten dugu».
Txupinazoarekin batera hasiko dira gaur jaiak, eta, horren ostean, auzotik elektro txaranga batekin ibiliko dira. Gauean, berriz, DJek girotuko dute Sagastieder plaza, eta bertan jarritako karpa. Lehen aldiz zezensuzkoa egingo dute. Manex Mendiburu Apezetxeak (Intxaurrondo, 1999) kontatu duenez, lehen ere egiten zen zezensuzkoa, baina jaiak berreskuratu zituztenetik, lehen aldia izango da.
300 lagunentzako bazkaria
Larunbatean ere berritasunak izango dira. Besteak beste, bigarren eskuko azoka bat egingo dute goizean. Garai batean, urtero antolatzen azoka, eta, aurten, jaiak itzuliko zirela enteratu zirenean, azoka egin ohi zutenak jai batzordearekin harremanetan jarri dira, eta beraiek antolatu dute.
Jai batzordeko bi kideek uste dute herri bazkaria izango dela aurtengo jaietako berezitasunik handiena. «Harrituta gaude zenbat jendek eman duen izena». Honela kontatzen du Anterok: «Aurreko urteetakoa ikusita, tiket gutxi batzuk jarri genituen tabernetan, azkenaldian jendeak oporretara joateko joera duela ikusita [barrez]. Beraz, 50-100 lagun inguru espero genituen gehienez». Sarrerak jasotzera joan eta ia 300 tiket saldu zirela ikustean, «izugarrizko sorpresa hartu» zutela kontatu du Anterok.
Mendiburuk azaldu duenez, azkeneko hiru asteetan gertatu da aldaketa: kuadrillak batu dira, eta lehen aldiz, blusak egongo dira. Whatsapp talde bat sortu zela kontatu du: «Eta hor hasi zen jendea animatzen, belaunaldi ezberdinak batzen, aurten zerbait berezia egin nahi zela eta. Azken orduko kontua izan denez, jende asko kanpoan geratu da, baina hurrengo urterako prest egongo direla badakigu. Jaietan aldaketa bat gertatzea espero dugu», aitortu du Mendiburuk.
Anterok gehitu du nabaritzen dela pandemiaren ostean jendeak kalean egon nahi duela: «Horregatik etorri da bazkarira horrenbeste jende».
Karro-poteoa berezia izango dela ziurtatu dute : «Bizikleta batean sorgailu bat jarriko dugu, eta ‘elektro txaranga autogestionatu bat’ muntatuko dugu».
Iluntzean auzoko Afasia musika taldea, Trikuharri traperoak eta Gozo-gozo erromeria egongo dira. El Negro raperoak ez du joko azkenean, aurreikusita zegoen arren.
Igandean, 11:00etan, karate erakusketa egongo da, eta, jarraian, 12:00etan, Muxikoak. Arratsaldean, haurrentzako antzerkiarekin bukatuko dira jaiak.
Kalderojaun jaien oinordekoak
Lehen, kalderojaun jaiak antolatzen zituen Intxaurbide elkarteak. «Beste jai eredu bat zuten, helduagoentzat». Jaiak antolatzeari uztea erabaki zutenean, gazte asanbladako hainbat gaztek «penaz» hartu zuten albistea, eta «auzoa jairik gabe geratu ez zedin» Intxaur jaiak antolatzea erabaki zuten.
Izan ere, «Intxaurrondo Zaharrak baditu bere jaiak, baina hegoaldean jende gehiago bizi dela eta, hemen ere jaiak egotea» garrantzitsua zen. Baita ere « jai herrikoi eta euskaldunak» izatea auzoan, Mendiburuk gehitu duenez. Auzo periferikoa dela jakinda ere, donostiarrei gerturatzeko gonbita luzatu diete: «Behin etorrita, ez dira damutuko!».

