"Presioa ez dugu guk izan behar"
Donostia Arraun Lagunakek iazko balentriak berdindu nahi ditu. Liga ez ezik, Kontxa ere irabazi zuten historian lehen aldiz. Lorturikoa errepikatzeko taldea sendotu dutela diote Xubane Uribarrena De la Peña (Donostia, 1999) arraunlari trebatuak eta Udane Goenaga Arregi (Donostia, 2003) lehen taldera jauzia eman berri duen arraunlari gazteak.
Hasi da arraun denboraldia, eta hastear da liga. Prest dago Donostia Arraun Lagunak?
Xubane Uribarrena (X.U.): Prest eta gogotsu. Beti aipatzen dugu ekaina luze egiten dela liga hasterako, gertu ikusten dugulako. Ea prest gauden uztailaren 2an gure onena emateko? Hori ez dakit. Hori bai, hor aurrean egoteko lanak eginda ditugu.
Udane Goenaga (U.G.): Pixka bat urduri gaude, baina ligari ekiteko gogo biziz.
Iaztik hona aldaketa asko izan ditu taldeak?
X.U.: Aldaketei dagokienez, hiru pertsonak utzi zuten, eta bi igo dira gazte mailatik. Kanpotik, berriz, beste lau pertsona etorri dira. Alde horretatik, taldea ondo indartu da, konpentsatu dira joandakoak etorri direnekin. Halere, joandako askok klubarekin harremana mantendu dute, eta ematen du ez direla joan. Ondo berrosatu dugu trainerua. Gazte jendea ere igo da, eta hori beharrezkoa da, beraiek dira etorkizuna. Pozik gaude osaturiko taldearekin.
Utzitakoak baino gehiago dira taldearekin bat egin dutenak. Zerbaiten ondorio da?
X.U.: Ez dakit arraunlari gehiago behar ditugun ala ez. Kontua da orain izen bat egin dugula, aurretik ez genuena. Lehen Arraunek deitzen bazizun traineruan sartzeko, gehiago interesatu ahal zitzaizun Oriorekin eta Donostiarrarekin bat egitea. Oriok sorreratik proiektu irabazlea izan du, eta Donostiarraren lehen urtean apustu serioa egin zuten, nahiz eta erdibidean geratu. Orain, Arraunek dena irabazi duenez, normala iruditzen zait jende gehiago egotea taldean.
Xubane, zenbatgarren urtea duzu Arraunen?
X.U.: Arraun munduan 11 urte, eta Arraun Lagunakekin zazpigarren urtea. Zortzi urte ditu traineruak, eta, ni, hasieratik egon naiz. Batxilergoa bukatzean, tentazioa izan nuen parrandengatik uzteko arrauna. Dena dela, jarraitzea erabaki nuen. Lehenengo urtetik geratzen den bakarra naiz. Hau da, aurreneko paladetatik geratzen den arraunlari bakarra naiz.
Emakumeen traineruaren sorreratik geratzen den arraunlari bakarra izanik, taldeak urte hauetan guztietan izandako eboluzioa ondo ezagutuko duzu. Nolakoa izan da?
X.U.: Egindako lana baikorra eta zentzuduna izan da. Arraunera etorri nintzen lehen urtean gazteenetakoa nintzen, baina aldi berean arraunean gehien zeramanetakoa. Eta soilik 15 urte nituen! Hasieratik egon da gogoa; ideia eta helburu batzuk jarri dira, eta urtez urte pixkanaka betetzen joan gara. Zentzuz egindako proiektua da, eta asko handitu da, beharra zegoelako.
Udane, zu hasiberria zara traineruarekin, baina noiztik zabiltza klubean?
U.G.: Bederatzi urte daramatzat klubean. Aulki mugikorrean aritu naiz orain arte, eta aurten erabaki dugu jauzia ematea trainerura. Pixkanaka joan gara sartzen taldean. Gainerako arraunlariek asko irakatsi digute teknikari eta jarrerari buruz. Hasiberri garenok asko eskertu diegu.
Nabaritu duzu aldea aulki mugikorretik trainerura?
U.G.: Bai, pixka bat. Giroa desberdina da, eta aldaketa hori nabaritu dugu. Gogorragoa ere bada. Azken batean, uda osoa da. Aulki mugikorrarekin uda hasieran bukatzen duzu, baina traineruen lehiarako denboraldia udan hasten da. Denboraldia luzeagoa izango da niretzat.
Zein aurreikuspen dituzu denboraldiari begira?
U.G.: Dena irabazten saiatuko gara, pasa den urtean egin genuen antzera. Ez dut esaten dena irabaziko dugunik. Nik ilusio hori daukat. Kanpotik ikusi genuen pasa den sasoian, eta aurten barrutik bizitzea asko gustatuko litzaidake.
Garestia izango da ‘Lugañene’ ontzian lekua egitea?
X.U.: Zaila izango da. Askotan, pasa den urteko estropadak ikusten ditut, eta aurreko urteko taldetik pertsona bakarra falta da. Sartzen den berri horri gehiago kostatzen zaio. Kanpotik etorri direnei ere zailagoa jarri zaie. Bestalde, garrantzitsua da etxeko bi gazte igo izana, eta ondo zaindu beharko ditugu. Pazientziarekin eta lan onarekin, aukerak izango dituzte arraun egiteko. Izan ere, aukerak denentzako daude, eta horiek aprobetxatu behar ditugu. Halere, hemen tosta ez dauka inork ziurtatuta. Estropada eta entrenamendu batetik bestera gauzak aldatzen dira. Entrenatzaileak baliteke aldaketak egitea aste batetik bestera. Argi dagoena da, ez dela erraza izango traineruan sartzea.
Denboraldi aurrean dagoeneko indarrak neurtu dituzue gainerako traineruekin. Sasoiari begira, nola ikusten duzue zuen burua?
X.U.: Gure lana egiten badugu, iazko maila eta zertxobait gehiago eman dezakegu. Horretarako egin dugu lan, maila gehiago estutzeko. Aurreko urteko dinamikak jarraituko du denboraldi honetan. Alegia, iaz ikusi genuen hutsegite txiki batekin edo kale txarrago batekin, lehena izatetik azkena izatera pasa zaitezkeela.
Iazkoa errepikatzea ez da batere erraza izango: Liga eta Kontxa irabazi zenituzten. Aurten ere?
U.G.: Iazkoa berdintzen edo gehiago egiten saiatuko gara. Adibidez, ligako bandera gehiago irabazi nahi genituzke. Ez da erraza izango, baina saiatuko gara.
Baliteke aurten Euskotren liga lehiatuagoa izatea?
X.U.: Nik uste dut Orio eta gu hortxe egongo garela elkarri mokoka, lehen postuetan. Baina ezin gara despistatu. Iruditzen zait Tolosaldea oso talde gaztea dela. Lehen urtea da dinamika horretan sartuko direla: astebururo estropadak alde batetik bestera, telebista, bat-batean norbere izena asko entzutea… Gauza horiek ondo kudeatzen ikasi behar dute. Halere, gaztetasun horrek asko ematen die, eta beraien parean jartzean oso zaila da joatea. Susto bat baino gehiago emango dute. Donostiarra, berriz, aldaketa asko izatetik dator, baina beste ilusio batekin dabiltza. Jende berria dute, beste freskotasun bat ikusten zaie.
Aurten presio gehiago duzue?
X.U.: Presioa ez dugu guk izan behar. Hautagaiak gara iaz irabazi genuelako, baina ez gara klub bat arraun munduan presioa ezartzen zaiona, oraintxe hasi garelako zerbait irabazten. Presioa beti Orion dago. Beraiek dira entrenatzailea, prestatzailea, arraunlariak eta beste aldatu dutenak. Horrek guztiak arrazoi bat dauka. Irabazi nahi bat dutelako. Guretzako askoz hobea da presioa haiek izatea. Guk gurera joan behar dugu, zerotik hasita. Beste istorio bat da aurtengoa.
Ligako lehen bi geltokiak Bilbo eta Donostia izango dira; bihar eta etzi. Zein aurreikuspen dituzue?
X.U.: Niretzat ideala da hasiera. Askotan esaten da sekretuak ez direla kontatu behar, baina traineru bakoitzak badaki zein estropada eremutan moldatzen den ondoen. Gure kasuan, ibaian hasteak sekulako konfiantza ematen dio taldeari. Indarra daukagu Bilboko estropada eremuan ondo aritzeko. Irabaziz gero, hurrengo egunean Donostiako estropadara, etxekora, beste motibazio batekin iritsiko gara. Horregatik uste dut liga hasiera aproposa dela guretzat, baina gauzak oso ondo egin beharko ditugu emaitza onak lortzeko.
Irudikatzen duzue zeuen burua lehen estropadan elkarrekin?
X.U.: Espero dut baietz, gustatuko litzaidake.
U.G.: Nik ere hori nahi nuke.