Aste Nagusirako manifestazioa antolatu du Sarek, jai batzorde eta piratekin batera
Sare Herritarrak presoen aldeko manifestazioak antolatu ditu Euskal Herriko hainbat jaietarako. Donostian ere, Aste Nagusian egingo dute aldarria, abuztuaren 20an. Etxera bidea gertu leloa izango du manifestazioak, eta “salbuespen legedia salatu” eta euskal presoen euskal herriratzea “bere osotasunean” gauzatu dadin aldarrikatzeko mobilizazioa izango da. Sarerekin batera, Donostialdeko jai batzordeak eta Donostiako Piratek ere deitu dute manifestaziora.
Azken hilabeteotan izandako albisteak onak izan direla uste du Sarek: Euskal herriratzeak, gradu progresioak, isolamenduaren amaiera eta hainbat espetxe atzean utzi izana aipatu dituzte, besteak beste. Ordea, “aldaketak ematen hasiak diren arren, oraindik ere, geldoak eta trabaz josiak izaten ari dira”.
Sareren ustez, honek agerian uzten du, “oraindik bide luzea dugula egiteko, benetan, salbuespen legedia guztiz atzean utzi eta legedi arrunta ezarri dadin. Asko dira oraindik, baldintza guztiak bete arren, baimenak eta 3. graduak eskuratzeko oztopoak jasaten ari diren presoak, baita, horiek eskuratuta ere, atzera bota eta berriro espetxeratuak izaten ari diren presoak ere”. Euskal herriratzeei dagokionean, oraindik %36a Euskal Herritik kanpo espetxeratua dagoela gogoratu dute
Mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute, beraz: “Argi dugu hasitako bidea muturrera eramateko herri aktibazioa eta bultzada ezinbesteko elementuak direla, horiei esker ere heldu baikara honaino”.