Espainiar legatuari gorazarre egiteko erakusketa inauguratu dute Nao Victoria itsasontzian
The Legacy Fundazioak, bere 5. urteurrena dela eta, El legado español en los Estados Unidos de America (Espainiar legatua AEBetan) erakusketa irekiko du, Espainiak Amerikako herrialdean izan duen eraginaren “mugarri garrantzitsuenetako” batzuk biltzen dituena. Erakusketa gaurtik aurrera, uztailak 5, ikusi ahal izango da San Pedro Apostoluaren kaperan, Kaiko pasealekuko 2. zenbakian. Erakusketa Nao Victoria ontziaren estalkian dago, eta uztailaren 10era arte bisitatu daiteke kaian.
Erakusketa gaur goizean aurkeztu du Eva Garcia komisario eta fundazioko kideak, Espainiako Defentsa Ministerioaren laguntzarekin eta Espainiako Ejerzitoko ordezkariekin. Armadako karguez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Harkaitz Millan eta Jose Ignacio Asensio izan dira ekitaldian, baita SAPA arma fabrikako Ibon Aperribai ere.
Garcia arduratu da gaurko ekitaldiaz, eta espainiar konkistatzaileen memoria zaintzeaz aritu da. Honela mintzatu da Garcia: “Eskulturak eraistea modan jarri den garaian, guk eraiki egin nahi ditugu”. Horretarako, Victor Goikoetxea eskultoreari Ignacio de Olavarriaren eskultura bat eraikitzeko enkargua egin diote. Goikoetxeak maketa bat egin du, eta espero du agintariek dagokion tamainan eraikitzeko erabakia hartzea. Eskulturan Olavarria kainoi batekin ageri da, eta, Garciak esan duenez, ez dute kainoiaren erreplikarik egin behar: “Badugu benetako kainoiak utziko dizkigunik eta [barrez”].
Hain zuzen, Ignacio de Olavarria kortsario gipuzkoarra da erakusketa honetako protagonista, Manuel de Montiano jeneralarekin eta Sopelarekin batera. Juan Sebastian Elkanok lehen mundu bira egin, eta 500 urte igaro diren honetan, “aitzakia” ezin hobea iruditu zaie The Legacy Fundaziokoei.
Erakusketa mezu errazak dituzten postal tradizionaletan oinarrituta dago, historiako paisaia batzuetan zehar bidaiatzera gonbidatzen duen ibilbide batean, eta, bestetik, bideo jokoen teknologiarekin egindako hainbat bideo ikusi ahal izango dira.
The Legacy fundazioak AEBetan Espainiak egindako ekarpen historiko eta kulturala azpimarratu nahi du. Adierazi dutenez, euren helburua da “Espainiaren historia, eta, oro har, bere liderrena, eta, bereziki, Armada eta Ejerzitoarena” jasotzea eta zabaltzea. Horretarako dago, besteak beste, Nao Victoria itsasontzia Donostiako kaian.