Akordio batera iritsi dira Cementos Rezolako epaiketan, eta langileek ez dute zigorrik izango
LAB sindikatuak jakinarazi duenez, gaur egin den epaiketan iritsi diren akordioaren ondorioz, langileek ez dute zigorrik izango. “Epaitegiaren aurrean langile andana elkartu da auzipetuei babesa emateko”, azaldu du.
Grebaren “gehiegizko erabileraren aitzakiapean”, Cementos Rezolak egindako salaketaren ondoriozko epaiketa egin da gaur Donostian. Atzo, langile talde batek lantegiaren aurrean dagoen errepidea moztu zuen salaketa eta elkartasun ekintza moduan. “Gaurkoan, elkartasun horrek jarraipena izan du eta epaitegiaren aurrean langile talde handi bat elkartu da epaiketak iraun duen lau ordutan zehar, 92 urteko langile ohi bat barne”, adierazi du sindikatuak.
Akordio batera iristeko aukera izan dute, eta auzipetuta zeuden sei langileek ez dute inongo zigorrik izango grebaren eskubidearen erabileraren ondorioz.
“Salatutako ordezkariek eta lankideek garbi dute enpresaren mehatxu honek ez dituela kikilduko eta lantegiaren etorkizuna bermatzeko ezinbestekoa den lanpostuen defentsaren aldarrikapen hori borrokatzen jarraituko dutela, grebaren bitartez edota beharrezkoa den beste edozein borroka molde erabiliz”, nabarmendu du.