Bartzelonako Modelo kartzelan girotutako filmak irekiko du 70. Zinemaldia
Alberto Rodriguez da zuzendaria eta Miguel Herran eta Javier Gutierrez dira filmaren protagonistetako bi. Irailaren 16an emango da filma lehiaketatik kanpo.
'Modelo 77' Alberto Rodriguezen film berria. Alberto Rodriguez zinemagilearen Modelo 77 filmak irekiko du 70. Zinmaldia, lehiaketaz kanpo inauguratuko bada ere. Espainiako trantsizio politikoaren garaian girotutako thriller bat da, Miguel Herran eta Javier Gutierrez protagonistekin. Film horrekin, bosgarrenez hartuko du parte zuzendariak Sail Ofizialean. Irailaren 16an Kursaalean egingo den inaugurazio galaren ondoren emango dute filma.
Bartzelonako Modelo espetxean jazotako benetako istorio batean oinarrituta dago filma. Bertan, Manuel (Miguel Herran) izeneko kontulari gazte bat, funtsak desbideratzeagatik, epaiketa baten zain dago, eta 6-8 urteko zigor bati aurre egin behar dio. Haren ziegakide Pinorekin batera (Javier Gutierrez), bat egingo du diktadura ondoren eskuratutako demokraziaren hasieran, euren eskubideen eta amnistiaren alde borrokatzen ari diren preso arruntez osatutako talde batekin.
Rodriguez, Donostiako lehiaketa ofizialera aritu zen La isla mínima (2014) filmarekin, zeina, 10 Goya sari eskuratu aurretik, Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra eman baitzion Javier Gutiérrezi eta Argazki Onenaren Epaimahaiaren Saria, Álex Cataláni. Horren ondoren, berriro lehiatu zen Zinemaldian El hombre de las mil caras (2016) filmarekin. Eduard Fernándezek Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen film horri esker, eta La peste (2017) telesaila aurkeztera ere etorri zen Sail Ofizialean, lehiaketaz kanpo.

