EH Bilduk turismo ereduan "norabide aldaketa" bat egiteko proposamenak aurkeztu ditu
Agerraldia egin du Donostiako EH Bilduko zinegotzi Markel Ormazabalek, hiriko turismo ereduarekin kezkatuta. Ormazabalen ustez, “norabide aldaketa” bat ezinbestekoa da.
Donostiako 2017-2021 Turismoko Zuzendaritza Planaren eguneratzea abian da. Bere garaian, EH Bilduk ez zuen plana babestu, baina ezta kontrakotasunik egin ere.Abstentzioaren aldeko hautua egin zuen, planak proposatzen zuen norabide orokorrarekin bat egiten zuela adierazteko. Izan ere, 2017-2021 aldirako planaren “erronka nagusia turismoaren garapen orekatua eta jasangarria lortzea” zen.
Hain zuzen, Ormazabalek gogoratu duenez, 2021eko apirilean aurkeztu zen Turismoko Gida Planaren eguneraketa Dokumentu Exekutiboa, eta bertan, besteak beste, ondorengoa nabarmentzen da: “Ezin dugu gehiago atzeratu turismo ereduaren norabide aldaketa sustatzeko premia”.
EH Bilduren iritziz, ordea, “denbora honetan zehar agerian geratu da kudeaketa plan hauen emaitza oso bestelako izan da”. Argi diote: “Urte hauetan garatzen joan den turistifikazio eredua ez da, inolaz ere, jasangarria, eta norabidea aldatu ezean, donostiarron bizi kalitatea oso kaltetua aterako da, beste hiri askotan ikusi dugun bezala.
Non gaude?
Eustatek argitaratutako azken datuak aurkeztu ditu EH Bilduk, “Donostiara iritsitako turisten kopuruak beste errekor historiko bat markatu du: maiatzera arte %10 igo da 2019ko aldi berarekin alderatuta”.
Hazkunde “neurrigabe” hori aurreikusi zitekeela uste du Ormazabalek, “Eneko Goia alkatea denetik, hotelak, eta antzekoak, biderkatu baitira gure hirian”. Udal Gobernuaren zifren arabera, 2016. urtetik hona 45 hotel berri ireki dira Donostian. Hau da,2016an zeuden 7.652 plazatik 11.272ra igaro da (+% 47).
Eta koalizioaren ustez, joera da kontrolik gabeko hazkunde hori “mantentzea eta areagotzea”, udal gobernuak lizentziak ematen jarraitzen duelako: “uda honetan 500 plaza gehiago irekiko dira Antiguako bi hostel berrietan, Garibai 23ren eraikina apartamentu turistikoentzat izango da, Loiolako Erriberan Student Hotel eraikitzen ari dira (325 plaza), Hilton hotela Arte Ederren eraikinean, eta laster hasiko dira eraikitzen bi hotel berri Grosen, Mariaren Bihotza eta Pio X, beste batzuk martxan daude Mirakontxan, eta abar”.
Donostiako EH Bilduren proposamenak
Donostiako EH Bilduk dio hiriko turismo ereduan norabide aldaketa bat eman behar dela, eta “ezinbestekoa” dela “bizitza duin bat izan nahi badugu”. Horiek horrela, plan berria osatzeko prozesuari ondorengo ekarpenak egiten dizkiote:
1.- 2017-2021 aldirako Turismoko Zuzendaritza Planaren eta haren hiru erronka estrategikoen betetze-mailaren balantzea aurkeztea, bereziki helmugaren kudeaketari (1. erronka) eta turismoaren gobernantzari (3. erronka) dagozkionak.
2.- Donostia Turismoa sozietatearen funtzioak eta antolamendu eredua berregokitzea, Turismoko Zuzendaritza Planak jasotako irizpideen araberako gobernantza eta jarduera egikaritzeko.
3.- Txosten bat egitea Donostiako hiriaren, nahiz auzo edo zonalde jakin batzuen (Parte Zaharra, Erdialdea, Gros, Egia, Antigua) karga turistikoaren gaitasunari buruz, eta egoiliarren bizi-kalitatea arriskuan jarri gabe har ditzaketen eguneko bisitarien eta ostatu- gauen kopuruari buruz, besteak beste.
4.- Karga turistikoaren gaitasuna aztertzeko aldagaiak (eremuak, neurriak…) adostuak eta kontsentsuatuak izatea, alderdi politikoen, kaltetutako eremuetako bizilagunen eta sektoreko eragileen artean.
5.- Parte Zaharra eta Kaia bezala, beste auzo batzuk (Erdialdea, Gros, Egia, Antigua) “eremu aseak” izendatzeko behar diren ordenantzak aldatzea.
6.- “Eremu ase” edo “joan-etorri handiko espazio” izendatutako auzoetan lantaldeak eratzea, tokian tokiko bizilagunekin eta eragileekin batera, beharrezko erabakiak hartu eta ekintzak abiarazteko (mugikortasuna, fluxuen kudeaketa, komunikazioa, ondarea…).
7.- Alternatibak edo “B plana”. COVID-19 pandemia adibide hartuta, turismoak aldaketa eta krisien aurrean agertu duen zaurgarritasuna dela eta, jarduera ekonomiko honekin lotutako lanpostuak beste sektore batzuetan egokitzeko trantsizioa errazteko neurriak.