Gipuzkoa plazako geltokiak lekualdatzeko asmoari eusten dio udalak

Herriarteko autobusen erabiltzaile eta herritar ugari kexatu dira, eta PSE-EEk eta EH Bilduk mugikortasun plana kritikatu dute. Horrela ere, Mugikortasun sailak berretsi du geralekuak tokiz aldatuko direla.

Gipuzkoa plaza Herriarteko autobus linea ugari daude gaur egun Gipuzkoa plazan. (Argazkia: Xalba Ramirez)

Zalaparta sortu du Gipuzkoa plazako herriarteko autobus geltokiak lekualdatzeko proposamenak. Donostiako Udal Gobernuaren asmoa pasa den astean azaleratu zen, Tokiko Gobernu Batzordeak erabaki horren inguruko alegazio bat onartu ondoren. Aipaturiko geltokiak Gipuzkoa plazatik Foruen pasealekura lekualdatzea proposatu dio udalak Gipuzkoako Aldundiari.

Horren berri izatean, erabiltzaile eta herritar ugari kexatu dira. Era berean, PSE-EE kritiko azaldu da EAJren jokabidearekin. Gogora dezagun udalean eta aldundian gobernu akordioa dutela bi alderdiek. Sozialisten bozeramaile Marisol Garmendiak kezka adierazi eta «adostutako» hiri mugikortasun iraunkorreko politika bat eskatu du. Izan ere, Garmendiaren ustez, erabakiak ezin dira «alde bakarretik hartu, aldez aurretik alternatibak eta irtenbideak negoziatu gabe».

Garmendiak Gipuzkoa plazako herriarteko lineen geltokiak hiriaren erdialdeko beste gune batera eramatearen inguruko iritzia plazaratu zuen: «Sozialistok garraio publikoaren, hiri garraioaren eta hiriarteko garraioaren alde egon gara eta egongo gara beti. Egunero milaka dira garraio kolektiboaren erabiltzaileak, baita Donostiara hurbiltzen diren herrietakoak eta lurraldeko edozein udalerritan lan egiten duten donostiarrak ere. Kontua ez da arazoak sortzea, baizik eta adostutako konponbideak lortzea».

EH Bilduk, berriz, gogor kritikatu du udalak aurrera daraman mugikortasun plana. Salatu duenez, udal gobernuak gizartean «alarma egoera» sortu du, Gipuzkoa plazatik herriarteko autobus geltokiak kendu nahi dituztela jakinaraztean. Haien hitzetan, «kudeaketa negargarria» egiten ari da Eneko Goiaren gobernua.

Garraio publikoaren aldeko «apustu garbia» egin beharrean, iragarritako proposamenak Donostiako erdialdera autoz sartzea erraztuko duela dio EH Bilduk, «garraio publikoan sartzea zailtzen den bitartean». Datorren Donostia mugikortasun planak ibilgailuak erdigunean sartzeko baimenak arautuko ditu, baina EH Bilduren ustez, «gaur egun erdigunera iristen diren ibilgailu pribatu ia guztiak baimenduak izango dira etorkizunean ere».

‘Datorren Donostia’

Donostiako Udalak iazko azaroaren 19an aurkeztu zuen Datorren Donostia hiriko mugikortasun plana. Eneko Goia alkateak eta Mugikortasun zinegotzi Pilar Aranak eman zituzten xehetasunak. Helburua oinezkoen, txirrindularien eta garraio publikoa erabiltzen duten herritarren mugikortasuna hobetzea dela adierazi zuten. Hain zuzen ere, mugikortasun plan horretan oinarritzen da Gipuzkoa plazako herriarteko autobus geltokiak lekualdatzeko asmoa.

Udalaren aurreikuspenen arabera, aipaturiko autobus geltokiek beste leku bat izan beharko dute 2023ko udazkenetik aurrera. Udalak aldundiari proposatu dio Foruen pasealekura eta Espainia plaza ingurura lekualdatzea geralekuak. Bestalde, linea batzuek Atotxako autobus geltokia erabiltzea proposatu du udalak. Aipaturiko eskualdeetako gainerako lineek Erdialdean geltokia izan behar dute, Gipuzkoa plaza ez dena.

Sorturiko polemikaren aurrean, EAJren eskumeneko Mugikortasun sailak Datorren Donostia planarekin aurrera egiteko asmoa berretsi du. Hain zuzen ere, hiriko zirkulazioaren berrantolaketa lantzen ari dira; tartean, garraio publikoarena. Horrekin du lotura Gipuzkoa plazako geltokiak lekualdatzeko asmoak. Udaleko iturrien arabera, geralekuak 200 metro mugitu nahi dituzte, eta gaia aldundiarekin lantzen ari dira.

HITZAkide HITZAkide